eta hau, zergatik ez euskaraz?

Datorren astean jarriko da martxan eta hau, zergatik ez euskaraz? sentsibilizazio kanpaina 13 herritan. Kanpaina ez da berria, hainbat euskaltzaleen elkartek egin izan baitute lehenago antzekorik. Hala ere, aurten, lehenengo aldiz egingo dute hainbat herritan batera Euskaltzaleen Topaguneak koordinatuta.

muestra_9,5x9,5Hilabetean zehar Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 13 herritan komertzio, erakunde eta eragile ezberdinen errotulazio eta komunikazioak euskaratzeko eskaria egingo dute euskaltzaleek. Horretarako, euskaltzaleen elkarteetako bazkideak bihurtu nahi ditugu kanpainaren protagonista eta eragileak.

Azken hamarkadatan urrats ugari eman badira ere, oraindik paisaia linguistikoan euskarak nahi baino askoz ere presentzia eskasagoa dauka. Asko dira gaur egun, oraindik orain, erdaretan soilik errotulatzen duten komertzio, taberna, elkarte edo erakunde publikoak. Euskaldunok herritar eta kontsumitzaile modura ditugun eskubideak urratzen jarraitzen den artean, euskaltzaleok badugu eginkizunik eta eragile izan gaitezkeela guztiz sinestuta gaude.

Kanpainak lau urrats izango ditu:

1.- Euskaltzaleen elkarteetako boluntarioek eta hau zergatik ez euskaraz? leloa duten pegatak jarriko dituzte herrian aurkitzen dituzten erdara hutsezko errotulu eta karteletan. Errotuluei argazkia atera eta twitter zein instagram sare sozialak erabiliz edo kanpainarako sortuko den webgunera bidaliz (http://euskaraz.365egun.eus) argazkiak partekatuko dituzte, herria eta errotuluaren edo kartelaren jabea (komertzioa, elkartea, taberna, erakundea) identifikatuz.

2.- Partekatutako argazki guztiak aipatutako webgunean jarriko dira ikusgai.

3.- Euskaltzaleen elkartetik erdarazko errotuluak dituztenei gutuna bidaliko zaie, beren euskarri guztietan euskara erabili dezatela eskatuz eta horretarako laguntza eta aholkularitza eskainiz.

4.- Jasotako informazio eta testigantza guztiak Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren eta Elebideren esku jarriko ditu Euskaltzaleen Topaguneak. Kanpainak hilabeteko iraupena izango du, ekainaren 20rartekoa, eta jasotako testigantza guztiekin dosierra osatuko da bukaeran.

Ondoko herri eta eskualdeetan jarriko dute martxan euskaltzaleen elkarteek kanpaina:

Araban: Gasteiz (Geu elkartea), Laudio (Basalarrina), Aiara (Hogeitalau elkartea) eta Arabar Errioxa (Ttiki-Ttaka)

Bizkaian: Durango (Berbaro), Ermua (Euskal Birusa), Barakaldo (Sasiburu), Erandio (Berbots) eta Getxo (Bizarra Lepoan)

Gipuzkoan: Donostia (Bagera), Arrasate (AED), Bergara (Jardun) eta Aretxabaleta (Loramendi).

hzee_urratsak_logogabe

3 comments for “eta hau, zergatik ez euskaraz?

  1. Maite Flores SantamarĂ­a
    2015/06/01 at 14:13

    Arabar Errioxan pegatinak jartzeko non eskatu ahal ditugu?

     
  2. Euskaltzaleen Topagunea
    2015/06/03 at 11:19

    Kaixo Maite!
    Ttiki Ttaka elkartekoek dituzte pegatinak, beraiengana jo dezakezue.
    Eskerrik asko!

     

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude