Irakurzaletasuna sustatzeko Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoa bederatzigarrenez abiatu da

Kartela_txikianLiburuaren nazioarteko egunean, hau da, apirilaren 23an, Euskaltzaleen Topaguneak Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoaren bederatzigarren edizioa jarri du martxan, zenbait euskara elkarte, Udal, liburutegi eta liburu dendarekin batera.

Irakurri, Gozatu eta Oparitu ekimena Euskal Herri osoko 42 herritan egongo da martxan ekainaren 30era arte. Irakurzaletasuna bultzatzea xede duen egitasmo honek herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditu, irakurtzearen alde atsegin eta gozagarria azpimarratuz eta parte hartzaileei abantailak eskainiz.

Egitasmoa tokian tokiko euskaltzaleen elkarteen, Udalen, liburutegien eta liburu denden elkarlanari esker abiatuko da, eta herrietako eragileen arteko harremanerako tresna izan nahi du. Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira bertan parte hartzeko:

Irakurri. Lehenengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango dugu.

Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira itzuli , eta fitxa sinple bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi dugun. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.

Oparitu. Azken pausua, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari.

Liburutegian jasotako txartelarekin, euskarazko beste edozein libururen prezioaren %25 edo %50 ordaintzeko aukera izango dugu.

Liburuaren Nazioarteko Egunean hasita, bi hilabetez

Aurreko edizioetan bezala, apirilaren 23an abiatuko da aurten ere “Irakurri, Gozatu eta Oparitu” egitasmoa, Liburuaren Nazioarteko Egunean. Uda aurreko hilabeteak baliatzen dira egitasmoa sustatzeko, ondorengo opor garaia, askorentzat, liburuak ( opari harturikoak, barne) irakurtzeko garai egokia baita. Bi hilabeteko iraupena izango du kanpainak, ekainaren 30era arte egongo da liburutegietan erosketa-txekeak lortzeko aukera eta uztailaren 11 artekoa horiek liburu dendan erabiltzeko.

Esan bezala, aurten 42 herritan izango da martxan ekimena. Eskualdekako hedapenean zentratu dira antolatzaileak egitasmoa herrietan indartzeko helburuarekin:

Araba: Agurain, Asparrena, Dulantzi Legutio, Urkabustaitz, Zigoitia, Zuia.

Bizkaia: Atxondo, Balmaseda, Derio, Etxebarri, Gernika , Getxo, Larrabetzu, Ondarroa, Otxandio, Zamudio.

Gipuzkoa: Astigarraga, Beasain, Lazkao, Mutriku, Soraluze, Ordizia, Orio, Pasaia, Zaldibia.

Nafarroa: Altsasu, Antsoain, Aranguren, Arbizu, Atarrabia, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Etxarri-Aranatz, Irurtzun, Uharte, Ultzama, Lakuntza, Lizarra, Olazti, Zizur nagusia .

Aurreko urteetan ikusi denez, kanpainak eragin positiboa du herritarrek herriko liburutegian egiten duten euskarazko liburu mailegu erabileran. Izan ere, egitasmoaren helburuetariko bat da euskaldunak liburutegi publikoen erabiltzaile bihurtzea. Era berean, ekimenak liburuen salmentan izaten duen eragina ere kontuan hartzekoa da.

Irakurri, gozatu eta oparitu ekimenaren bueltan bestelako literatur jarduerak ere antolatuko dira, hala nola solasaldiak idazleekin, liburu azokak, irakurketa musikatuak eta beste. Egitasmoak Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saila eta Araba eta Bizkaiko Foru Aldundien babesaz gain, honako argitaletxeen laguntza jasotzen du: Alberdania, Erein, Elkar, Ibaizabal, Pamiela, Txalaparta eta Susa.

apal_handia_2015_bajan(1)

1 comment for “Irakurzaletasuna sustatzeko Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoa bederatzigarrenez abiatu da

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude