Martxan da Euskararen Ginkanaren 4. edizioa

euskararen ginkana kartela 2015Dagoeneko lehiaketaren webgunean dago edizio honetako lehen proba. Ostegunerako, martxoaren 26rako, bidali beharko dituzte beraien erantzunak taldeek. Bitartean zabalik mantenduko da izena emateko aukera.

Kutxa Ekoguneak euskaraz eta euskararekin dibertitzeko antolatzen duen lehiaketa da Euskararen Ginkana, aurten lehen aldiz Azkue Fundazioarekin elkarlanean burutuko duena. Bi erakundeek euskara sustatzeko duten konpromisoan bat egin, eta beraien lan eremuak diren IKTak eta ekologia elkartu dituzte proiektu bakarrean. Laugarren edizio honetan ere, Euskaltzaleen Topagunea izango da lehiaketaren koordinatzailea.

Lau urtetako ibilbidea duen proiektua da Euskararen Ginkana eta urtez urte, Kutxa Ekoguneak eragile eta kolaboratzaile ezberdinekin batera, euskara erdigunean izanik, hizkuntza-ekologia eta hizkuntza aniztasuna gaiak landu izan ditu.

Euskararen Ginkana euskaltzale zein kultura edo aisialdiarekin lotutako taldeen artean zabaldu den lehiaketa da: norbanakoen partaidetzatik taldekako parte hartzera eta Gipuzkoatik, Euskal Herri osora zabaldu dena. Bilakaera honen lekuko dugu gaurko aurkezpen ekitaldia: Bilbon, Euskararen Etxean, emango zaio hasiera lehiaketaren 4.edizio honi, eta Donostian izango da finala, Ekogunean.

Aurtengo edizioaren gaia: IKTak eta Ekologia

IKTak eta Ekologia izango da aurtengo gai nagusia eta beraz, gainditu beharreko probak eta galderak mundu digitalean euskarak eta ekologiak duten presentziari lotuak izango dira. Euskarak, hizkuntza gutxiagotua izanik ere, sarean duen presentzia ez da makala: nabigazio hizkuntzen artean, euskarak 44. lekua dauka mundu mailan eta wikipedian artikulu gehien duten hizkuntzen zerrendan 34. tokian dago kokatua gaur egun.

Denbora gutxian, gure bizitzako egunerokoan eta eremu ia guztietan barneratu ditugu sare sozialak eta internet, hasi etxetik eta kalera, baita lanean, hezkuntzan eta aisialdian ere.

Baina euskara ekosistema digitalean, osasuntsu bizi ahal izateko, baliabideak ezagutu, erabili, elikatu eta sortu behar ditugu guztion parte hartzearekin, bakoitzari dagokion mailan.

Edizio honetan, IKTak ekologia arlora ekarriko ditugu, gizaki bizidunek medioarekin duten lotura ezagutzeko sarean dauden baliabideak ezagutuko ditugu eta, bide batez, euskara eta ekosistema birtuala ikuspuntu ekologikotik aztertuko ditugu.

Lehiaketa

Bi fasetan gauzatuko da ginkana: lehenengoa otsailaren 19an hasi eta martxoaren 26an amaituko da. Fase honetan www.euskararenginkana.net webgunean astero argitaratuko diren probak gainditu beharko dituzte taldeek.

Bigarren fasea, apirilaren 18ko final handia izango da, Donostian kokatuta dagoen Ekogunea parkean. Bertan lehen fasean puntu gehien lortu dituzten 4 talde parte-hartzaileak lehiatuko dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude