Topaldia, eragile euskaltzaleok kulturgintzan dugun funtzioaz

Zer funtzio dugu euskaltzaleen elkarteok eta gainontzeko eragile euskaltzaleek euskal kulturgintzan? Euskaltzaleen Topagunean aspaldiko kezka den honen gainean arituko gara urtarrilaren 29an egingo dugun jardunaldian, 12. Topaldian.

Izen-emate epea zabalik dago, urtarrilaren 26an amaituko da.

Euskaltzaleen mugimenduak bere sorreratik lehentasunezko jarduera izan du kulturgintzarena. Hizkuntza komunitatearen garapenerako tresna ezinbestekoa da kulturgintza, horregatik izan da kultur jarduera euskara elkarteentzat. Ekitaldi antolatzaile, sortzaileen bilgune, transmisiorako espazioen bultzatzaile,… ekimen asko eta askotarikoak egin dira herriz herri mugimenduaren historian. Hiru hamarkadatan denetarik egiteko beharra eta aukera egon da. Denbora ez da alferrik pasatzen baina, eta kulturgintzaren zein gure hiztun eta kultur komunitatearen egoera asko aldatu da urteotan. Kultur eragileak, hedapenerako espazio eta zirkuituak, sortzaileen aukerak eta mugak ez dira berdinak. Honek eragile euskaltzaleei hausnarketa eragin behar digu, bete dugun funtzioaz, gaur egun egiten dugunaz eta etorkizuneko gure egitekoez.

Topaldia2014kartelaTopaldia aukera ona izaten da gogoetarako eta aurten beraz, kulturgintzari heltzea erabaki dugu. Urtarrilaren 29an, Durangon, goiz eta arratsalde, hitzaldi bidez erantzungo diogu izenburuan proposatutako galderari. Horretarako Topaldia hiru ataletan banatu dugu:

  • Lehenengo atalean, euskararen normalizazioan eta hizkuntza komunitatearen garapenean kulturgintzak zer garrantzia duen aztertuko dugu.
  • Bigarren atalean berriz, herrietako euskaltzaleen topaguneek eta eragile euskaltzaleek kulturgintzan duten egitekoa landuko dugu.
  • Eta hirugarrenean, egiteko hori betetzeko zer nolako jarduerak antolatu daitezkeen aztertuko dugu, adibide praktikoak ezagutuz.

 

Hiru atal hauetan hainbat hitzaldi izango ditugu. Lorea Agirrek ekingo dio egitarauari “Hizkuntza, kultura, elikadura eta sormena” izenburuko hitzaldiarekin. Ondoren, Gotzon Barandiaranek Guk Geure Kulturaz ekimenaren ekarpenaz arituko da. Lehen blokea solasaldi batekin amaituko da, kulturgintzak hizkuntza normalizazioari egiten dion ekarpenaz.

Igor Elortzak egingo du bigarren ataleko lehen ekarpena “Komunitateateateateateateatea‚Ķ ” izenburuko hitzaldiarekin. Zumaiako euskalgintza eta kulturgintzako eragileekin egindako ikerketaren emaitza aurkeztuko du Xabier Azkuek “Euskura, euskara eta kultura Zumaian” hitzaldiarekin. Atal honetan beste bi esperientzia praktiko ezagutzeko parada ere izango dugu.

Arratsaldeko saioan azkenik, Eneko Barberenak eragile euskaltzaleon jardueren ezaugarriez arituko da “DJak, Lukuren libertimendua eta kulturgintzaren aktore sorta” hitzaldiarekin. Eta eguna bukatzeko hiru esperientzia interesgarri aurkeztuko dira: Arrasateko “kooltur ostegunak” ekimenaren berri emango du Iker Barandiaranek, Ttakun euskara elkartearen “kultura saretzen” esperientziari buruz arituko da Mari Karmen Ormazabal eta Miren Artetxek “Bertsolaritzaren transmisioa Lapurdin. (Talde) identitatea eraikiz euskaratik eta euskaraz” lana aurkeztuko du.

Egitarau interesgarria eta hausnarketa ezinbestekoa proposatzen dugu Topaldian beraz. Bertan parte hartzeko gonbitea egina dago eta urtarrilaren 26aren aurretik izena eman dezakezue.

 

 

1 comment for “Topaldia, eragile euskaltzaleok kulturgintzan dugun funtzioaz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude