Kulturgintza izango du ardatz urtarrilaren 29an Topaldiak

Kultur komunitate bizia: zein da eragile euskaltzaleon egitekoa? izenburua izango du 12. Topaldiak, urtarrilaren 29an Durangoko Landako elkartegian ospatuko den jardunaldiak.

Topaldia2014kartelaUrtero antolatzen diren jardunaldietan euskaltzaleen mugimenduarentzako intereseko diren gaiak lantzen dira eta oraingoan kulturgintza izango da aztergai. Euskaltzaleen elkarteak sortu zirenetik bertatik kulturgintzak leku zentrala izan du mugimenduaren jardueran. Hizkuntza komunitatearen artikulazio eta garapenerako osagai garrantzitsaua izan da kultur jarduera beti eta ez dira gutxi urteotan martxan jarri diren egitasmoak.

Urteak aurrera joan ahala, kulturgintzaren egoera asko aldatu egin da (eta tartean, euskarazko kulturgintzarena ere) eta euskaltzaleen elkarteek (eta baita bestelako eragileek ere)  kulturgintzan zer funtzio jokatzen dugun aztertzeko momentua dela uste dugu. Horregatik, kultur komunitate bizi bat bultzatzeko lanean, eragile euskaltzaleen egitekoa zein den galdetu dugu aurtengo Topaldiaren izenburuan.

Hiru atal izango ditu Topaldiak. Lehenengoan, euskararen normalizazioan kulturgintzak zer garrantzia duen aztertuko dugu. Bigarren atalean berriz, herrietako euskaltzaleen topaguneek kulturgintzan duten egitekoa landuko dugu. Eta hirugarrenean, egiteko hori betetzeko zer nolako jarduerak antolatu daitezkeen aztertuko dugu, adibide praktikoak ezagutuz.

Egitarau zehatza datorren astean zabalduko dugu, baita izena-emateko epea ere. Momentuz, Topaldian parte hartuko dutela baieztatu digute Lorea Agirre, Igor Elortza, Eneko Barberena, Xabier Azkue, Mari Karmen Ormazabal eta Gotzon Barandiaranek, besteak beste. Datorren astean aurkeztuko dugu, beraz, egitaraua.

 

2 comments for “Kulturgintza izango du ardatz urtarrilaren 29an Topaldiak

  1. Pingback: Topaldia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude