Euskarak 365 egun

Abenduak 3, abendua hotz. Sukaldearen epelean ederki. Goxo-goxo. Amaren altzoan, baina kalera atera behar. Kanpoan hotz, bai, baina beldurrik ez. Berokia hartu, eta aurrera! Igurtzika, bata besteari hotza kenduz, amaren losintxa ederra delako, baina ez bakarra. Laztanak behar ditugu, baina ez soilik etxekoak. Etxekoak, auzokoak, eta denak, denonak.

 

Abenduak 3. Euskaldunon jaia, edo euskal herritarrena. Zalantza maiz: Bertakoa bai, baina euskal hiztuna ez. Kale. Biak pare, hala beharko luke. “Dun”, “tar”, “zale”… atzizkiak anitz, erroa bakarra. Euskara. Lurraren eta adaxkaren arteko lotura. Enborraren oinarria. Ez ipar ez hego, inolako haize boladak botako ez duen enborra.

 

Menditik zelaira. Baserritik kalera. Arriben, Orendainen, Larrabetzun eta Kanpezun bai, baina baita Iruñean, Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Baionan ere. Eta ez soilik Ttipian, handian ere berdin. Txikitik abiatu, eta handira. Euskaldunak non topatu badakigu, baina topaleku berriak behar ditugu. Taberna eta ostatuan bai, elkartean ere bai, baina baita udaletxean ere. Eta ez soilik kultur etxean. Euskara kultura delako, noski, baina kultura baino gehiago da. Hitz egiteko ez ezik, pentsatzeko, sentitzeko, eta maitatzeko modua. Lotsarik ez, beraz. Armairutik atera, eta plazaren erdira atera. Ozen aldarrikatu plazan bertan, denon bilgune, topagune den plazan; herriaren bihotzean. Bihotzetik mingainerako bidea hartuko du gero, baina bihotzean odolik ez bada, alferrik ari gara! Odolak bor-bor behar du. Museoko erakusleihorako ez, bizirik behar dugulako. Gerorrek emango diogu bizia, euskaratik eta euskaraz bizi bagara!

 

Abenduak 3. Nafarroan jai! Kolore gorriz egutegian. Marra gorriak, batetik bestera. Honaino bai, haraino akaso… baina hortik aurrera, ja-jai! Marrak apurtu, eta koloreak gehitu. Hori erronka. Auzokoekin bai, baina baita ondoko auzokoekin ere, eta auzokoen auzokoekin. Kate batzuetatik askatu, eta beste batzuk josi.

 

Abenduak 3. Euskara elkarteetan, galtzak bete lan. Borondatez ari denarentzat, jaiegunak lanegun. Lana bai, baina soldatarik ez. Bada saririk ordea… Ari garela, ari garela, eta lortuko dugula… Eta batzuetan, gehienetan, lortu dugula! Malkoak garbitzeko unea, tristurazkoak zein pozezkoak izan. Albokoak, auzokoak emandako zapiarekin guztiak kendu, eta irribarreari bidea erraztu. Halako keinu txikitik abiatuta, handira egiteko ordua da. Enbido handira! Zubi txikiak konpondu bai, baina hiriko kaleak arautu ere bai. Auzolanetik hirigintzara. Biak dira beharrezko. Auzoz auzo, euskararen herrira, euskararen hirira.

 

Abenduak 3. Abendua hotz. Negua beti negu. Gorri edo beltz, baina negu, hotz. Horrek ez luke behar albiste. Futbol entrenatzailea edo hiriburuko alkategaia euskal hiztuna izateak beharko ez lukeen bezela. Euskarak berak gaur albistegiak zabaldu beharko ez lituzkeen bezala. Euskararen eguna, guztiek beharko luketeelako. 365ek, eta bisurteetan, 366ek, bai gure auzoan, baina baita gure herrian, gure hirian.

 

Urko Aristi (Tokikom-eko presidentea, kazetaria)

2 comments for “Euskarak 365 egun

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude