Aio UK, kaixo HirUKa!

Hil honen amaieran kaleratuko den 263. UK aldizkaria izango da azkena, eta berezia izango da goitik behera, abenduaren 22an kaleratuko da. Ukberri.net agerkari digitala ere abenduaren bukaeran desagertu egingo da. Komunikabide biok euskalgintzako eragile esanguratsuenekin bat egin dugu, denon indarrak batuz, Uribe Kostako euskarazko komunikazio-talde berria sortzeko. Urtarrilean abiatuko da hiruka.

ukukberri

UK-ren ibilaldia:

1995ean jaio zen Bizarra Lepoan aldizkaria, Getxorako bakarrik zena. 1999an, umezaroan, jolas parketzat hartu zuen Uribe Kosta (UK) osoa: Erandio, Leioa, Getxo, Berango, Sopela, Urduliz, Barrika, Plentzia, Gorliz eta Lemoiz. Gaztaroan, maiztasuna, orrialde kopurua, sarerako jauzia eta hainbat aldaketa bizi izan ditu; beti ere argazkigintzari leku berezia eskainiz eta Uribe Kostarren historia eta istorioak izanda iturri eta helburu. 2015ean beteko lituzke 20 urte… beste sasoi bat bizi dugu, hedabideen betebeharrak eta horiekiko eskariak aldatu dira, eta UK-k bide berria hartuko du.

Ukberri.net agerkari digitalaren ibilaldia:

UKBERRI.NET agerkari digitala orain dela 11 urte sortu zen, Guardia Zibilak itxitako “Euskaldunon Egunkaria”-ren “Bizkaia” gehigarriak sarean eta eskualdean utzitako hutsunea betetzeko asmoz. Kaletik, Uribe Kosta eta Erandioko herri eta auzoetako 20.000 istorio baino gehiagoren berri eman du tarte horretan.

Orain dela urte bi inguru, Uribe Kosta eskualderako irrati euskalduna sortzeko asmoagaz, eskualdeko euskal komunikabideak (Ukberri.net, UK aldizkaria) eta Koska irrati librea euskalgintzako hainbat eragilerekin elkartu ginen. Koskak bere bidea amaitutzat eman zuen. Jaurlaritzak irrati-lizentziak banatzeko lehiaketa abian zuela ikusita, aurkeztu genuen Uribe Kostarako irrati euskalduna: Justuri Irratia; baita lizentzia lortu ere, nahiz eta gero harekin gorabehera handiak izan diren.

Bitartean, eskualdeko hedabide biek aurrerapausoa eta bestelako garapen bat behar zutela iritzita, irratia sortzeaz gainera, Uribe Kostarako komunikazio-talde osatu, integral, sendo, indartsu, multimedia, kalitatezkoa eta erakargarria eskaintzea erabaki genuen komunikabideok eskualdeko euskalgintzako eragile esanguratsuenekin batera, indarrak batuz. Bide horretan TOKIKOMen laguntza ere izan dugu. Hala urtarrilean jaioko da: Hiruka.

Orain Hiruka herritarrei aurkezten gabiltza; Uribe Kostako herri guztietan egingo dira aurkezpen-bilerak. Komunikazio-proiektu berriaren nondik norakoak azaltzeko herriz herri aurkezpen-bilerak egingo ditugu. Lehenengo aurkezpena GAUR (abenduak 4) izango da, 19:00etan, Lemoizko frontoi ondoko txokoan. Eta bigarrena, BIHAR, barikua (abenduak 5), 19:00etan, Barrikako Nagusien Etxeko tabernan.

Hirukaren barrenak azaltzeko herriz herri aurkezpen-bilerak egiten ari gara. Aurreko egunetan Lemoizen eta Barrikan egin ditugu, eta hona hurrengoen datak eta lekuak:

  • URDULIZ ABENDUAK 11, 19:00, kultur etxeko hallean
  • BERANGO ABENDUAK 11, 19:00, Berangoeta kultur etxean
  • GORLIZ ABENDUAK 12, 19:00, Sertutxenan
  • PLENTZIA ABENDUAK 18, 19:00, Goñi Portalean
  • ROMO (GETXO) ABENDUAK 18, 19:30, kultur etxean
  • SOPELA ABENDUAK 18, 19:30, kultur etxean
  • LEIOA URTARRILAK 8, 19:30, udal euskaltegian
  • ASTRABUDUA (ERANDIO) URTARRILAK 8, 19:30, Josu Murueta kultur etxean
  • ALGORTA (GETXO) URTARRILAK 15, 19:30, Villamonte kultur etxean
  • ALTZAGA (ERANDIO) URTARRILAK 16, 19:30, posta zaharrean

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude