Topaldia: kulturgintza hizpide urtarrileko jardunaldian

Zer funtzioa du euskaltzaleen mugimenduak euskarazko kulturgintzan? Zein eginkizun dugu euskara elkarteok herriko kultur dinamikaren eragile modura? Galdera nagusi hauei erantzun nahi izango die datorren urtarrilaren 29an Durangon ospatuko den jardunaldiak.

jardunaldiakUrtero antolatu ohi ditu Topaguneak jardunaldiak (hurrengoa hamabigarrena izango da) eta urtez-urte euskaltzaleen mugimenduarentzako gertuko eta intereseko den gaia aukeratzen da lantzeko. 2014ko urtarrilean, adibidez, motibazioa izan zuen ardatz Topaldiak, baina askotariko gaiak izan ditugu aztergai azken urteetan (aisialdia, tokiko hedabideak, mintzapraktikak, sormena edo kudeaketa, adibidez). Aurten kulturgintzari helduko diogu eta nahiz eta ez den gaia landuko dugun lehen aldia (2009 urtean ere landu zen), aurten zuzen-zuzenean euskaltzaleen mugimenduaren funtzioetan zentratu nahi dugu.

Lehen euskara elkarteak sortu zirenetik kulturgintzak leku garrantzitsua izan dute bere jardueran. Kulturgintzaren lanketak adierazpen ezberdinak izan ditu herritik herrira, elkartetik elkartera eta denboran; emanaldi antolatzaile, (bertso, musika, antzerki,…) eskola edo tailer sortzaile, zala (irakurzale, kantuzale,…) topagune, lehiaketa antolatzaile, kultur dinamizatzaile, zubi-egile, espazio sortzaile,… Denak ere beharrezko, garrantzitsu eta interesgarri. Hala ere, 30 urte joan dira mugimenduaren sorreratik, euskarazko kulturgintza asko aldatu da, oso ezberdina da gure herrietan dauden kultur eskaintza eta jarduna eta gaiaren inguruan gogoeta egitea beharrezkoa dela uste dugu Topagunean. Horregatik erabaki da aurten gai honi heltzea eta ekin diogu jardunaldi hau antolatzeari.

Topaldia urtarrilaren 29an egingo da, Durangon, goiz eta arratsaldez. Egitaraua zehazten ari gara eta laster hitzaldi eta hizlari guztien gaineko xehetasunak eskaintzeko moduan egongo gara. Gorde agendan.

 

1 comment for “Topaldia: kulturgintza hizpide urtarrileko jardunaldian

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude