Kameratoiaren 10. edizioa abenduaren 6tik 8ra egingo da

2005 urteaz geroztik, Euskaltzaleen Topaguneak KAMERATOIA Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Rallya antolatu du urtero. Aurtengoa 10. edizioa izango da eta iazko arrakasta dela eta, Durangoko Azokako Irudienea Ikus-entzunezkoen plazan egingo dugu, bigarrenez.

 

kameratoia2014Lehiaketak 48 orduko formatua mantenduko du. Hala, abenduaren 6an, parte hartzaileek aurkeztu beharreko film laburren gaia eta bertan islatu beharko dituzten ezaugarrien zerrenda jasoko dituzte. Momentu horretatik, kameratoilariek 48 orduko epea izango dute gehienez sei minutuko iraupena izango duen film labur baten gidoia osatu, grabazio lanak egin eta edizio lanak burutzeko, beti ere antolakuntzak jarritako gai eta ezaugarriei jarraiki. Taldeek bere ekipo propioa erabili beharko dute eta aurkeztuko dituzten film laburretan hizkuntzaren presentzia ezinbestekoa izango da, ahozkoa edo idatzizkoa, euskara hutsean.

 

Kameratoiaren helburuetako bat parte hartzaileen ekoizpen artistikoa gizarteratzea da. Horregatik, lehiaketan sortutako pieza guztiak Creative Commons Aitortu–Partekatu lizentziapean zabalduko dira. Eduki kulturalak erabiltzeko lizentzia horrek, copyright ezagunak ez bezala, sormen lanen zabalkundea errazten du, baimena ematen baitu edukiok zabaldu, berrerabili eta haietan oinarrituta lan berriak sortzeko, beti ere jatorrizko egileak aipatzeko eta eratorritako lanak baldintza berdinetan partekatzeko betebeharrarekin.

Abenduaren 8an, goizez, parte hartzaileek bideoak entregatu beharko dituzte, eta arratsaldez, gala ospatuko da Durangoko Azokako Irudienea ikus-entzunezkoen plazan (Durangoko Zugaza zineman). Bertan, lan guztien emanaldia eskainiko da eta epaileek ondorengo sariak banatuko dituzte: Lehen Saria, 1.200 eurokoa izango da; bigarrena, 900 eurokoa eta hirugarren saria eskuratzen duen taldeak, 600 euroko txekea jasoko du.

Aurtengoa, 10. edizioa, urte berezia izanik, Topaguneak keinu berezi bat egin nahi izan die euskaltzaleen mugimenduko kideei, haiei zuzendutako sari berezi bat eskainiz. Hala, hiru sari nagusiez gain, epaimahaiak TOPAGUNEA sari berezia banatuko dio, euskaltzaleen elkarte baten izenean aurkezten den taldeetako bati. Saria euskara sustatzeko proiektu bati bideratzeko 500€ko txekea izango da. Honez gain, saridunaren lanak zabalkunde berezia izango du TOKIKOM osatzen duten euskarazko tokiko hedabideen artean.

Lehiaketan 18 eta 35 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute eta horretarako azaroaren 28a baino lehen eman behar dute izena kameratoia.com gunean aurkituko duten izen-emate fitxa osatuz. Lehen 30 taldeek soilik izango dute parte-hartzea bermatuta, eta gainontzekoak itxarote-zerrendan sartuko dira. Lehiaketaren oinarri osoak webgunean ikusgai daude.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude