Udazken betea izango dugu

Oporrak hartu aurretik oporren bueltan pentsatzen ari garela esango duzue batzuk, eta hori sano-sanoa ere ez dela, baina merezi du irailetik aurrera izango ditugun hitzordu batzuk gogora ekartzea.
Mintzalaguna, izen-emate kanpaina

Kanpaina grabaketaIkasturte berriarekin batera jarriko dira herri gehienetan Mintzalagun, Berbalagun eta Solaslagun egitasmoak berriz martxan. Azken urteotan kanpaina bateratua bideratzen dihardugu eta aurten ere etorriko da, sorpresaz gainezka. Irailaren bukaeran jarriko da martxan eta aurtengo kanpaina prest dago jadanik. Horretarako, Getxoko Egizu Berbalaguneko kideen laguntza izan dugu.

Iazko supermintzalagunak eta aurreko mariatxiak gogoan, zer ekarriko digu aurtengoak? Auskalo… spotaren grabaketa, euskarrien diseinua,… egin ditugu azken asteotan eta prest dago guztia!

 

TopaEguna

Urriaren 11an egingo dugu aurtengo TopaEguna, Derion, bertako Tximintx elkartearekin batera antolatuta eta inguruko herrietako euskaltzale elkarteetako kideak ere laguntzaile ditugula. Egitarau oparoa izango du TopaEgunak eta tartean aurreratu ditzakegu hainbat kontu:

  • Goizean egitasmo eta esperientzia elkartrukerako gunea izango dugu. Hainbat elkartetako esperientziak kontatzeko prestatzen hasiak dira jadanik. Mugimendu feministaren esperientziaren bat edo beste ere ezagutuko dugu.
  • Txakolina dastatzeko aukera, Derio ezagutzeko parada, umeen jolas-gunea, kantu-saioak eta jai eremua izango ditugu ere, noski.
  • Herri-bazkaria izango da, baita bazkal-osteko ekitaldiak ere, musika eta Irrien Lagunak tartean.
  • Arratsaldean egingo dugu eguneko ekitaldi nagusia.
  • Eta ondoren, musika: erromeria eta kontzertuak.

Mugimenduko kide guztiontzako topagune izatea nahi genuke eta beraz, urriaren 11an, hitzordu garrantzitsua dugu. Horrela esan digute Tximintxekoek.

 

Aniztasunari buruzko jardunaldiak

auzokoGero eta gehiago dira mugimendutik aniztasunaren ikuspegia aintzat hartuz martxan jartzen diren egitasmoak. Auzoko egitasmoarekin zabaldu genuen bidea Euskaltzaleen Topagunean eta gerora sortu dira Hizki Mizki (eta horri lotutako hiztegitxoak), Lingolang eta Onki Xin moduko egitasmoak. Ezin ahaztu ere Egizu elkartekoek martxan duten bizilagunak egitasmoa edo Arrasateko Ekin Emakumeak elkartekoek urtetan landutakoak.

Azken hilabeteotan, antzeko ekimenak martxan dituzten elkarteen artean egin den gogoetaren ondorioak udazkenean aurkeztuko dira, aniztasunaren gainean gure mugimenduak duen ikuspegia zabaltzeko.  Irailean iragarriko dugu data eta egitaraua.

 

Euskarak 365 egun

Berbarok zabaldu zuen bidea, gainontzekook jarraitu genion iaz eta arrakastaz burutu genuen iazko udazkenean Euskarak 365 egun ekimena. Aurten ere martxan jarriko dugu ekimena, azaroan, eta horretarako irailetik bertatik egingo ditugu lehen bilerak: ekimenaren ekintzak erabaki, kanpainarako leloak aukeratu, batera egingo ditugun agerraldiak adostu, errifa martxan jarri eta boletoak saltzeari ekin,… Aurten lurralde gehiagotara, sektore berrietara eta jende gehiagorengana heltzeko esperantza dugu.

Mugimendu bezala indartzeko, gizartean eragiteko eta euskaltzale modura harro agertzeko aurten ere Euskarak 365 egun dituela gogoratuko dugu, plazan.

 

Irudienea

Durangoko Azoka izango da urtero modura, abenduaren hasieran, euskal kulturzaleen hitzordua. Azken hiru urteetan egin izan dugun modura, Gerediaga Elkartearekin batera antolatuko dugu Euskaltzaleen Topagunekook Irudienea, euskarazko ikus-entzunezkoen gunea.

Aurten, iaz egin zen modura, Kameratoia ikus-entzunezkoen rallyak lekua izango du Durangoko hitzorduan.

 

Urtarrileko jardunaldiak

topaldia_webUrteroko hitzordua ere izaten da jardunaldiena. Iaz Topaldia izena eman genien eta hurrengoek ere izen hori izango dute. Gaia urtetik urtera aldatzen da eta aurtengoak ere interes handia izango du euskaltzaleen elkarteotan ari garenontzat, ziur. Oraindik goiz da xehetasun gehiago emateko, baina irailean ez bada, urrian bertan jakinaraziko dugu hurrengo Topaldiaren gaia eta egitaraua.

 

.eus domeinua

puntueus_logoa_300x300Bestelako eragileek antolatutako hitzordu garrantzitsuak ere izango ditugu udazkenean eta horietako bat da .eus domeinuaren abiatzea. Ekainean 91 .eus aitzindari martxan jarri baziren ere, udazkenean hasiko da euskal komunitatearen benetako erronka: irailetik aurrera izango dugu .eus domeinuak eskatzeko aukera eta abenduaren 3tik aurrera gure domeinu guztiak izan ahal izango dira .eus.

Euskaldunok eta euskaltzaleok komunitate modura aspaldi izan dugun erronka garrantzitsuenetakoa da eta euskaltzaleon elkarteek ere apustu horretan lagundu dezakegu.

 

… eta bestelakoak

Eta hortik aurrera hainbat eta hainbat egitasmo, batzuk urte osoan zehar garatzen ari direnak eta besteak udazkenean gauzatuko direnak: Azaroan argitaratuko dugu Topaberri papereko aldizkariaren hurrengo zenbakia, udazkenero bezala Udagoieneko Ostera Bizkaian, aurten martxan jarriko den Kultura Bizi egitasmoa, Kultur Errotak jarraituko du, Auzokok ere, jarraituko dugu Zergatik ez? tailerrak eta bere eratorriak eskaintzen,….

Udazken betea, beraz, mugimenduan beste ehunka ekimenez osatua, eta beti modura, gogotsu helduko dioguna.

 

1 comment for “Udazken betea izango dugu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude