TOSTA: Hizkuntza gutxituak itsasoak elkartuta

Europako hizkuntza gutxituak barreiatuta bizi izan direla pentsa genezake, eta hein batean halaxe da. Hala ere, historikoki herriok elkarrekin harremantzeko aurkitu izan dute modurik. Egungo hedabide mordernorik ez zegoen garaian, komunikabide indartsuena itsasoa izan da, ura izan da hizkuntza gutxituak elkarrekiko harremanean jartzeko espazio natural eta eraginkorra.

Europako kultur hiriburutza Donostiak izango du 2016an eta besteak beste,  Europako hizkuntza eta kultura aniztasuna azaleratu eta balioan jartzeko asmoz San Juan Baleontziaren proiektua jarri du abian. Hizkuntza gutxituen aberastasuna balioan jartzeaz gain, itsasoak historikoki betetako funtzioa ezagutarazi eta gure memoria historikoa osatzeko lana egin nahi da San Juan ontziaren bidez.

Proiektu honen atzetik Donostia 2016rekin batera, hizkuntza gutxituetako herrialde askotako elkarteak jarri dira elkarlanean eta  TOSTA izeneko bilgunea sortu dute elkarrekin San Juan Ontziaren proiektua aurrera eramateko. Donostia 2016rekin batera, Albaola elkarteak eta Euskaltzaleen Topaguneak osatu dugu Euskal Herriko ordezkaritza. Europan berriz, beste hainbat lekutako hizkuntza eta kultura gutxituen sustapenerako lanean ari diren makina bat elkartek egin dute bat proiektuarekin: Ealain Na Gaeltachta, An Óg eta Aras Eanna (Eire); Afûk, T Fiskerhuis eta Mercator European Research Centre (Friesland); Proiseact nan Ealain, Sabhal Mor Ostaig eta Taigh Chearsabhagh (Scotland),Celtic Neighbours, Galeri, Oriel Plas Glyn y Weddw eta Caernarfon eta Theatr Felinfach (Wales), Department of Irish Studies, Department of Irish Studies, Universitade de Coruna eta Museo do Pobo Gallego (Galicia), Thing Project (Faroe). Elkarte gehiago ere batzekoak dira egitasmora.

Topagunea aurten egin da TOSTAko kide eta martxoaren 13an Celtic Neighbourseko ordezkariaren lehen bisita izan genuen Durangoko bulegoan. Oraingoan, Galeserako bidaia Topaguneak egingo du. Ekainaren 9tik 12ra bitartean, Galesko “Miarritz” moduan ezaguna den Aberystwyth herrira joango gara, TOSTAko hainbat kide ezagutzeko asmoz. Galesko mendebaldean dagoen Cardigango badiako kostaldeko udalerria da Aberystwyth eta Galesko hainbat elkartetako ordezkariak ez ezik, Irlandako ordezkariren bat ere gehituko da topaketara.

Helburua, oraingoan ez da San Juan ontziaren gainean lan egitea. Elkar ezagutzatik lankidetzarako bide berriak jorratzea baizik.

Batelen jarlekuari deitzen diegu TOSTA Euskal Herrian eta halaxe deitzen ei diote jarleku honi Europako itsas-herri hauetan ere, TOSTA. Aintzinako harreman hauetatik itsasoko hizkuntza berri bat sortu ei zuten. Hizkuntza gutxituetako herrion harremanetik sortuko ditugu ekimen aberasgarri gehiago. Horretara goaz Galesera, elkarrekin zerbait berria sortzera!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude