TopaEgunaren antolaketan buru-belarri hainbat euskaltzaleen elkarte

Derion egingo da aurten, urriaren 11an, TopaEguna, euskaltzaleen mugimenduaren jai eta elkartrukerako eguna. Egitaraua nahiko aurreratua du aurtengo edizioak jadanik eta hainbat lagun ari dira buru-belarri prestaketa lanetan. Iaz Soraluzen ospatutako egun ederraren ondoren, Bizkaia aldera egin du aurtengoak eta aurrekoan izandako egiturari eutsiko dio: gogoeta eta trukerako uneak festa eta ospakizunerako egitarauarekin uztartuko duen eguna izango da.

Orain arteko prestaketa lanetan Derioko Tximintx elkarteko lagunak buru-belarri dabiltza, baina beraiekin batera, hainbat herritako euskaltzaleek ere parte hartu dute orain arteko bileretan: Lezamako Zorrizketan, Zamudioko Lagatzu, Sondikako Altzora, Erandioko Berbots, Mungiako Txokolo, Basauriko Euskarabila, Getxoko Egizu eta Bizarra Lepoan, Soraluzeko Pil Pilean, Lasarteko Ttakun eta Arrasateko Txatxilipurdi, besteak beste.

Aurten, berriro ere garrantzia izango du euskaltzaleen elkarteek dituzten egitasmo eta esperientzien elkartrukeak. Trukerako esperientziak jaso eta programa erabakiko da hurrengo asteotan eta garaiz dago edozein elkarte bere proposamenak edo eskariak egiteko.

Jai-eguna izango da batez ere TopaEguna, eta hurrengo asteotan joango gara egitaraua iragartzen; bitartean, egin proposamenak beldurrik gabe. TopaEguna mugimenduaren eguna izatea nahi dugu antolaketan gabiltzanok eta, beraz, ekarpen berri eta ideia guztiak ongi etorriak izango dira.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude