Mintza Eguna izango da larunbatean Izarran

Euskal Herri osoko mintzalagun eta euskaltzaleek jai giro paregabea izango dute larunbat honetan Izarran (Urkabustaiz, Araba). Zuia kuadrillako mintzalagun eta lagunek egun osoko egitaraua antolatu dute gerturatu nahi duten guztientzako, eta herriko gazteen eskutik gauerarte luzatuko da Mintza Eguna. Hauxe da egitaraua:

11:00 Ongi etorria eta hamaiketakoa plaza berrian.

12:00 Beluntzako ur jauzietara mendi ibilaldia, edo jolas Mintzodromoa. Aukeran!

13:30 Mintza kalejira bertsolariekin.

14:30 Bazkaria plaza berrian*.

16:30 Mintzalagun taldeetan ahalegin berezia egiten duten zenbait kideri sari banaketa.

17:30 Erromeria Parradust taldearekin.

22:00 Kontzertuak gaztetxean.

* Eguraldi txarra izanez gero bazkaria frontoian izango da.
MINTZA EGUNA 2014

Jaiaren antolaketan, herriko mintzalagunak, Lan eta Jolas elkartea, gazte asanblada, bertso eskola, dantza taldea, mendi taldea eta beste zenbait eragile ari dira, Euskaltzaleen Topagunearekin batera. Mintzalagunak izango dira egunaren gidari eta aurkezle, eta hainbat sorpresa prestatu dituzte. Ezin denak kontatu!

Aurtengo Mintza Eguneko saria bi mintzalagun taldek jasoko dute: Gasteizko GEU elkarteko gaztelagun talde batek eta Zuiako mintzalagunek. Lehenengoen kasuan, duela urte pare bat osatu zuten taldea, baina ordutik fin fin ari dira. Ez da ohikoa hain talde gazteak aurkitzea mintzalagun taldeetan, eta horregatik, aitorpena egin nahi diete euskaltzaleen elkarteetako mintzapraktika alorreko kideek. Zuiako mintzalagunen kasua ere nabarmentzeko modukoa da. Geografikoki kuadrila zabala eta biztanle gutxikoa da Zuia, baina 80 lagunetik gora daude mintzalagun taldeetan. Gainera, egitasmoan parte hartzeaz gain, herriko gainontzeko euskaldun eta kultur taldeekin harreman estua daukate.

Iaz Elgoibarren izan zen Mintza Eguna, eta aurten Arabara egin du salto festak. Esku honetan dago lekukoa, zalantzarik gabe. Mendi irteera, jolasak, kalejira, bertsolariak, joaldunak, bazkaria, erromeria, dantzariak… mintzalagunak baino ez dira falta! Honezkero askok eman duzue bazkarirako izena, beraz… larunbatean Izarran elkartuko gara!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude