Harrera ona izan du Laburbirak bere hamaikagarren edizioan

Euskarazko ikus-entzunezko laburren sorkuntzaren erakuslehio izan da hamaikagarrenez Laburbira. Aurtengoan 30 herritako aretoetan izan dira ikusgai 2013 urtean sortutako zazpi film laburrak eta guztira 900 ikuslerengana iritsi da. Martxoaren 14an abiatu zen zirkuitua eta emanaldi gehienak apirilaren 12rako eskaini baziren ere, azken saioa maiatzaren 9an egin da, Tolosako Leidor aretoan. Laburbira2014_goiburuawebIkusle kopurua emanalditik emanaldira aldakorra izan arren, film laburrek duten publikoa kontuan hartuta, ondo baloratu da parte hartzea. Aipagarria da 13 emanalditan zuzendariekin solasaldiak egiteko aukera izan dela, sei filmeren zuzendariak gerturatu baitira zenbait emanalditara eta ikusleek egindako galderei erantzuteko aukera izan baitute. Sortzaileek ondo baloratu dute aurtengo zirkuitua eta emanaldietan gustura egon dira. Aurten genero ezberdinak ikusgai izan dira prestatutako eskaintzan eta tartean egon dira nazioartean zenbait sari jasotako lanak ere. Urtero bezala, hainbat film ikusita egin da aukeraketa eta ordu eta laurdeneko iraupena izan duen saio ahalik eta anitzena eskaini da. Euskaltzaleen Topaguneak 2004 urtean lehen film laburren zirkuitua martxan jarri zuenean euskarazko ikus-entzunezkoak Euskal Herrian bertan hedatzea jarri zuen helburu modura. Izan ere, duela hamarkada bat zinema jaialdi eta lehiaketatan ezagunak eta ibiliak ziren hainbat euskal egileren lanek nekez aurkitzen zuten Euskal Herriko zaleengana heltzeko zirkuitua. Laburbirak urte guztiotan, bere xumetasunean, barne hedapenean bere ekarpena egin du eta gaur egun ere egiten jarraitzen du (azken hiru urteotan Durangoko Azokan kokatutako Irudienea egitasmoarekin batera). Arlo honetan aitzindaria izan den Lekeitioko Zine Bilerarekin eta gerora Euskal Herrian sortu diren hainbat egitasmorekin batera, funtzio garrantzitsua betetzen du oraindik ere Laburbirak eta hurrengo urteotarako ere izango da aukerarik gure sortzaileen lanak zabaltzeko. ┬áKepa Errastik zuzendutako “Euskaldun berriaren esketxa”, Laburbiran ikusgai izan dena. Film labur hau Aretxabaletako Loramendi euskaltzaleen elkartearekin batera garatu du kepak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude