Gazteola ekimena aurkeztu du Zenbat Gara elkarteak Bilbon

Zenbat Gara elkarteak Gazteola ekimena aurkeztu du, Bilbon, 6 eta 19 urte bitarteko haur eta gazteen aisialdian eta hezkuntzan euskararen erabilera sustatzeko ekainetik irailera antolaturiko ekimen berria. Urte osorako egitasmoa da, baina uda honetarako jada hainbat campus, udaleku eta jarduera tailer antolatu ditu, haur eta gazteei zuzenduta.

Ez da lehen urtea udan antzeko eskaintza antolatzen duena Zenbat Gara elkarteak. Azken bi urteetan kirol eta kultur campus zein udalekuak antolatu dituzte hainbat talde, elkarte eta federaziorekin elkarlanean.Duela bi urte, 2012an, Danok Bat taldearekin batera antolatu zuten lehen futbol campusa, Kurkuluxetan antzerki eskolarekin antzerki udalekua, eta euskara akademia Gabriel Aresti euskaltegiaren eskutik. Iaz berriz, campus eta udaleku gehiago antolatu ziren, hainbat elkarterekin lankidetzan, eta “emaitza oso onak” izan zirela azpimarratu dute antolatzaileek.

Aurtengo eskaintza Bilboko Kafe Antzokian egin den prentsaurrekoan aurkeztu dute, Zenbat Gara elkarteko Xabier Monasterio, Gazteola ekimeneko arduradun Aritz Estibez eta Gabriel Aresti euskaltegiko zuzendari Isabel Isazelaiak. Aurkezpenean parte hartu dute, era berean, Danok Bat futbol taldeko, Bizkaiko Saskibaloi Federazioko, Bertsozale Elkarteko edo Pilotako Bizkaiko Federazioko ordezkariek ere.

Horrela, Estibezek azaldu duen moduan, Gazteola ekimenaren helburua haur eta gazteen hezkuntzan eta aisian euskararen erabilera eta euskal kulturaren ezaguera sustatzea da, alegia, haur eta gazteentzat euskarazko aisialdi eta hezkuntza esparru berri bat sortzea Bilbo erdian bizkaitar eta euskaldunentzat.

Aurten, “Gazteola” ekimenaren baitan, 6 eta 19 urte bitarteko ume eta gazteentzat hainbat ekimen antolatuko dira ekainetik irailera bitartean. Alde batetik, beste elkarte batzuekin prestaturiko campusak daude, hala nola futbol campusaren 3. edizioa zein futbol teknifikazio campus berria (Danok Bat taldearekin), saskibaloi campusa (Bizkaiko Federazioarekin), bertso campusa (Bertsozale Elkartearekin), pilota campusa (Bizkaiko Federazioarekin) eta ingeles eta jolas campusa (Eliot School akademiarekin). Horiekin batera, multikirol campusa eskainiko dute, eta rock campusa, Bilborock aretoan.

Campusez gain, “Gazteola” ekimenak udaleku eta tailer asko ere eskainiko ditu haur eta gazteentzat, eta berritasunetako bat “Dantzaz blai” dantza udalekua izango dela nabarmendu du Estibezek.

Horrekin batera, gazteentzako musika sorkuntza eta DJ tailerra, bideogintza tailerra eta argazkigintza eta maketazio tailerra eskainiko dituzte, eta umeentzako antzerki udalekuak, jolas eta kanta udalekuak eta euskara akademia ere izango dira Bilbon. Halaber, gazteek barnetegiak egiteko aukera izango dute Bakaikun (Nafarroa) eta ikastaro trinkoak Bilbon.

“Gazteola” ekimenaren baitan antolatuko diren jarduera guztiei buruzko informazioa jasotzeko eta izena emateko aukera jada martxan dagoen www.gazteola.com webgune berrian izango dela jakinarazi du Estibezek.

Bertoko produktuei garrantzia

Campusetan elikadurari emango zaion garrantzia ere azpimarratu dute antolatzaileek: “Gure balioak elkarlana, ingurunearekiko begirunea eta herri baten partaide izatea dira”, adierazi du Xabier Monasteriok. Hortik sortu da udako campus eta barnetegietan gure sektorea babesteko ideia, menuetan zein alderdi didaktikoan. “Hazi erakundearekin batera harremanetan gaude eta gure jatordu guztietan oso kontuan eta neurri handian emango ditugu gure bertoko produktuak, gure kulturaren zati garrantzitsua diren heinean”.

Jateaz gain, udaleku eta ikastaro horien edukietara ere eramango da interes hori eta tailerrak egingo dira elikaduraren inguruan, bertako produkuen garrantziaz jabetzeko. Monasteriok gehitu duenez, “Horrelako ekimen bat egingo den lehen aldia izango da. Kostu handia izango du baina uste dugu merezi duen ahalegina izango dela”.

1 comment for “Gazteola ekimena aurkeztu du Zenbat Gara elkarteak Bilbon

  1. MARTA MARTINEZ
    2015/05/18 at 11:20

    Neska bat naiz eta zerbait euskera ikasteko bilatzen ari naiz, hitz egiteteko. Baina, ez dut nahi beste ikastaro bat. Egunero euskaltegira noa. orduan nahi dut taller bat, dantza, sukaldea, margotzako, argaizkiko edo loretzaintzeko edo zer mota. Niere asmoa hitz egitea da eta beraz ohitura hartzea euskaraz hitz egin.

    Ni Santurtzi bizi naiz,. orduan gustatuko nitzaidake inguruan izango litzatekeela.

    ezagutzen duzue kokatuta lantegi-mota hau aurki nezakeen tokian

     

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude