Euskal Herriko mintzalagunen jaia, maiatzaren 31n Izarran

Hamar egun barru izango da Mintza Eguna, Euskal Herri osoko mintzalagunen jaia. Maiatzaren 31n Izarran (Araba) elkartuko dira mintzalagunak, egun osoko festan. Gorbeialdeko mintzalagunak dira aurtengo jaiaren antolatzaileak, eta buru belarri ari dira lanean gainontzeko lagunei harrera ona egiteko. Hona hemen egitaraua:

11:00 Ongi etorria eta hamaiketakoa plaza berrian.

12:00 Beluntzako ur jauzietara mendi ibilaldia, edo jolas Mintzodromoa. Aukeran!

13:30 Mintza kalejira bertsolariekin.

14:30 Bazkaria plaza berrian*.

16:30 Mintzalagun taldeetan ahalegin berezia egiten duten zenbait kideri sari banaketa.

17:30 Erromeria Parradust taldearekin.

22:00 Kontzertuak gaztetxean.

* Eguraldi txarra izanez gero bazkaria frontoian izango da.

MINTZA EGUNA 2014Izarra Urkabustaiz herrian dago, Arabako Gorbeialdean. Biztanle gutxi diren arren, astero 30 lagun elkartzen dira mintzalagun taldeetan, eta herriko bestelako egitasmoetan ere saretzen dira. Horregatik, Mintza Egunaren antolaketan bertako Lan eta Jolas elkartea, Gazte Asanblada eta bestelako eragileak (mendi taldea, dantza taldea, bertso eskola eta abar) ari dira, mintzalagunekin batera.

Herriko mintzalagun eta euskaltzaleek goizeko 11:00etan egingo diete ongi etorria Euskal Herri osotik gerturatutako mintzalagun, solaslagun, mintzakide zein berbalagunei. Ez dira faltako dantzariak, txalaparta, joaldunak zein hamaiketakoa. Ostean, mintzalagunek bi aukera izango dituzte: herriko mendi taldearekin batera Beluntzako ur-jauzietara ibilalditxoa egitea, edo Izarran jolasak tartekatuko dituen Mintzodromoan parte hartzea. Ostean, kalejira, bazkaria, sari banaketa eta erromeria izango dira. Azkenik, festazaleenek gaztetxean eguna luzatzeko aukera izango dute.

Bazkarian izena emateko epea maiatzaren 23rarte egongo da zabalik, herri bakoitzeko mintzalagunen dinamizatzaileen bidez edo arrate@topagunea.org helbidera idatzita. 16€ balio du bazkariko txartelak (kafea eta kopa barne), eta ederto bazkalduko dugu!

Euskal Herri osoko mintzalagunentzako, oporren aurreko jaia da Mintza Eguna, elkar ezagutzeko, gainontzekoen errealitatearen berri izateko, eta nola ez, mingainak eta gorputza astintzeko aukera paregabea!

Mintzalagun, maiatzaren 31n Izarran elkartuko gara!

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude