Abian da .eus domeinua

Hurbiltzen doa jadanik .eus domeinua erabili ahal izango dugun eguna. Lehen domeinua (Puntueus elkartearen domeinuak.eus) martxan dago jadanik eta apirilean bertan aurkeztu da prozesuaren egutegia.

puntueus300x300ICANN erakundeak 2013ko ekainaren 14an onartu zuen .eus domeinuaren eskaria eta ordurarte egindako lan guztiak balio izan zuen ibilbide berri bati hasiera emateko. Gerora, ICANNekin kontratua sinatu du prozesua gidatzen ari den Puntueus elkarteak eta test tekniko bat ere gainditu da.

Apirilaren 26tik aurrera berriz, urrats berri bati ekin zaio, .eus domeinua komunitate osoari zabaltzeko urratsari, hain zuzen. Hiru fase izango ditu erregistro honek:

Aitzindarien Programa

.eus domeinuak 90 aitzindari izango ditu, 90 webgune, 6 hilabetez ikusgarri izango diren .eus domeinu-izen bakarrak izango direlarik. Aitzindarien artekoa izateko eskaria egin beharko zaio Puntueus elkarteari; edozein norbanako, elkarte, instituzio publiko eta enpresek egin ahal izango du proposamena, aitzindari izan nahi duen edozeinek. Fase esklusibo honetan parte hartzeak ekarpen ekonomiko berezia
suposatuko du, ekarpen hori finantzarioa edo espezietan egin ahalko delarik (edota bien konbinazio bat). Honek, bide batez, .EUS domeinuaren proiektua ekonomikoki laguntzea ere ahalbidetuko du.
Horretarako, 4 multzo ezberdin definitu dira eta multzo bakoitzaren izaeraren arabera, ekarpen ekonomiko minimoa ezarri da.
Proposamenak bidaltzeko epea  maiatzaren 30ean bukatuko da eta info@domeinuak.eus helbidean jasoko dira. Prozedura eta baldintza guztiak zehatz-mehatz azaltzen dira loturako dokumentuan.

Abiarazte-aldia
Bigarren fasea Abiarazte-aldia da. Abiarazte-aldia lehentasunezko fasea da eta .eus komunitateari hertsiki lotutako elkarte, enpresa eta instituzio publikoen domeinu-izenei bideratua dago, euren domeinu-izenak eskatzeko eta babesteko balioko duelarik. Fase honetan Euskaltzaleen Topagunea osatzen dugun mugimenduko elkarte guztiek izango dugu  gure .eus domeinuak (elkartetakoak eta egitasmoetakoak) lortzeko aukera.

Fase Irekia
Fase Irekiak .eus domeinuen erregistroa publiko orokorrari irekiko dio abenduaren 3tik aurrera.
Hurbil dugu aspaldi espero genuen eguna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude