Irakurri Gozatu eta Oparitu

IGO-2014

Liburuaren Nazioarteko Egunean hasita, eta ekainaren 30era arte, IRAKURRI, GOZATU ETA OPARITU egitasmoa jartzen du martxan Euskaltzaleen Topaguneak, zenbait euskara elkarte, udal , liburutegi eta liburu dendarekin batera. Irakurketa sustatzeko asmoz sortu den egitasmoa, Euskal Herri osoko 42 herritan, iaz baino dezente gehiagotan.

Maiatzaren 30era arte parte hartzen dutenen artean 30€ko
erosketa-txeke bana zozketatuko da herrietako liburutegietan.

Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira ekimenean parte hartzeko:

IGO-urratsak

1. Irakurri
Lehenengo pausua irakurtzea da; euskaraz irakurtzea, hain zuzen ere. Herriko liburutegi publikora joan eta euskarazko edozein liburu maileguan hartzea besterik ez da egin behar. Kanpainak dirauen bitartean, euskarazko liburua hartzen duen bakoitzak orri-markatzaile bat jasoko du opari, ekimenean parte hartu zein ez.

2. Gozatu
Liburua irakurritakoan, liburutegira bueltatu, eta fitxa sinple-sinple bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua, zer inpresio eman digun eta abar. Fitxa hori beteta, liburuzainak deskontu txartela emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.

3. Oparitu
Azken pausua liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, bihotzeko azukre koxkorrari edo, zergatik ez, norbere buruari. Liburutegian jasotako txartelarekin, %25eko deskontua izango dugu liburu dendan euskarazko beste edozein liburu erosterakoan, edo %50ekoa euskara elkarteko kidea izanez gero.

Egitasmoaren helburu nagusiak irakurzaletasuna bultzatzea, literaturarekin gozatzea eta gozaraztea dira, irakurtzeak eta oparitzeak (zein opariak jasotzeak) dakarten gozamenaren bidez.

Baina, bide batez, oso garrantzitsuak diren bestelako helburuak ere lortu nahi ditu EuskaltzaleenTopaguneak ekimen honen bidez:

  • Euskara elkarteetako bazkideak liburutegi publikoen erabiltzaile aktibo izateko gonbitea egitea
  • Era askotako eragile publiko eta pribatuen elkarlana sustatzea, eta eragile horien guztien arteko harreman sarea euskaraz hedatzea
  • Azkenik, ekimen honek ekarpena egin nahi dio euskarazko liburugintzari, liburuen ekoizpena eta salmenta bultzatuz.

Hasiera, Liburuaren Nazioarteko Egunean

˜Irakurri, Gozatu eta Oparitu” egitasmoa apirilaren 23an hasten da urtero, Liburuaren Nazioarteko Egunean. Katalanek Diada de Sant Jordi delakoa ospatzen dute egun horretan, elkarri arrosak eta liburuak oparituz. Amaiera, berriz, ekainaren 30ean izaten da: izan ere, uda izaten da jendeak irakurtzeko denbora gehien duen tartea, eta ondorioz uda aurreko hilak oso egokiak dira liburu trukea sustatzeko.

Esan bezala, 42 herrik hartu dute parte 2014ko edizioan. Eskualdekako hedapenean zentratu dira antolatzaileak egitasmoa herrietan indartzeko helburuarekin:

Araba: Aramaio, Arratzua-Ubarrundia, Legutio, Maeztu, Urkabustaitz, Zigoitia, Zuia.
Bizkaia: Atxondo, Bilbo, Derio, Ermua, Larrabetzu, Mallabia, Mañaria, Ondarroa, Otxandio, Portugalete, Zamudio.
Gipuzkoa: Ataun, Beasain, Idiazabal, Lazkao, Mutriku, Segura, Soraluze, Olaberria, Ordizia, Orio, Zaldibia.
Nafarroa: Altsasu, Araitz, Arbizu, Irurtzun, Gares, Basaburua, Lakuntza, Larraun, Lizarra, Olazti, Tafalla, Urdiain, Ziordia .

Aurreko urteetan ikusi denez, kanpainak eragin positiboa du herritarrek liburutegi publikoan egiten duten euskarazko liburu mailegu erabileran. Era berean, ekimenak liburuen salmentan izaten duen eragina ere kontuan hartzekoa da.

Irakurri, gozatu eta oparitu ekimenaren bueltan bestelako literatur jarduerak ere antolatuko dira, hala nola solasaldiak idazleekin, liburu azokak, irakurketa musikatuak eta abar. Egitasmoak Eusko Jaurlaritza eta Araba eta Bizkaiko Aldundien babesaz gain, honako argitaletxeen laguntza jasotzen du: Alberdania, Erein, Elkar, Ibaizabal, Pamiela, Txalaparta eta Susa.

Anima zaitez eta parte hartu!

Informazio gehiagorako: manuel@topagunea.org

2 comments for “Irakurri Gozatu eta Oparitu

  1. Joxemiel
    2014/04/29 at 07:09

    Kaixo euskaldun liburuzale guztioi!

    Egitasmo ezinederragoa deritzot, zalantzarik gabe. Jakin ezazue euskara-hiztun guztiek ez daukatela horrelako aukera zoragarria inguru hurbilean euskarazko liburuez jositako liburutegiak edo liburu-dendak eskuragai izatekoa ahalegia. Euskal Herritik kanpoan bizi garenok (nire kasuan adibidez bizilekutik gertu Euskal etxerik Gabe ere) komeriak izaten ditugu liburuak lortzeko. Ni orain dela 15 urte edo euskaldundu nintzen eta ozta-ozta urtean bat edo bi euskarazko liburu irakur dezaket, batzuetan garesti ordainduta gainera, inportazioa dela-eta. Dena dela, oraintxe bertan Xabier Montoiaren ‘Euskal Hiria Sutan’ irakurtzen nabil liluratuta, eta benetan gomenda diezaizueket idazlan handi hau edota idazle beraren edozein, jenioa da-eta. Besarkada handi bat Kolonbiatik eta goza ezazue munduko hizkuntzarik politenaz nahi adina irakurtzeko aukeraz!

     

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude