Bizkaiko gazte euskaldunentzako K proiektua jarri da martxan

k_logoaBizkaiko Foru Aldundiko Gazteria Sailak, Euskara Sailarekin lankidetzan K proiektua abiatu du berriki. Balioen heziketan oinarrituta, Bizkaiko gazteen burujabetza eta aktibotasuna bultzatu nahi du proiektu honek. 18 eta 30 urte bitarteko gazteei irekita dago K proiektua eta bertan parte hartzeko ezinbestekoa izango da euskaraz jardutea. Hau guztia aurrera eramateko hainbat lan lerro izango ditu K proiektuak.

Bizkaiko 12 eskualdetan bertako gazteekin egingo diren laborategiak daude orain pil-pilean. Komunikazio eta Informazio tresna digitalak erabiltzen ikasteko KIT.lab izena hartu dute laborategi hauek.

Horrekin batera Kmovie bideo lehiaketa jarri dute martxan: sari garrantzitsuak banatzeaz gain, jasoko dituzten bideoekin Bizkaiko mapa bisual eta emozionala osotuko dute. Bideook euskarari buruzkoak izango dira.

Kgunea Bizkaiko komunitate gaztea sare sozialetan harremanetan jartzeko gunea da.

Bukatzeko, (K)abian gazteak elkartzeko, etorkizunera begiratzeko, eztabaidatzeko eta hausnarketak partekatzeko topalekua izango da. Modu parte-hartzailean eta sortzailean, euskara erabiliz, gazteok dituzten jakin-minak, desioak eta konpromisoak adierazteko espazioa izango da beraz.

klab_irudiaPozgarria da Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria Sailak K proiekturako euskara ardatz gisa hartu izana. Arduradunen hitzetan oraindik ez dakite zer forma hartuko duen dinamikak eta eragileoi parte hartzea sustatzeko laguntza eskatu digute. Gazteen esku egongo da hortik aurrerakoa.

K proiektuak proposamen interesgarriak izan ditzake Euskaltzaleen Elkarteetako gazteentzat. Dela beraien ikuspegia gazte foro honetara eramateko, dela gazte gehiagorekin harremanetan jarri eta lankidetzan aritzeko, zer esanik ez K movie lehiaketan eskaintzen den 12.000 €ko sari nagusia eskuratzeko.  Aukera izanez gero laborategietan parte hartzera animatzen zaituztegu Topagunetik. Denborak erakutsiko du dinamikak zer ematen duen.

Horra hitzorduen gaineko informazioa:

  • Durangon martxoaren 7 eta 14an
  • Mungian martxoaren 6 eta 13an
  • Markina Xemeinen martxoaren 8 eta 15ean
  • Balmasedan martxoaren 28an eta apirilak 4an
  • Portugaleten martxoaren 20 eta 27an
  • Igorren martxoaren 22 eta 29an
  • Derion apirilak 3 eta 10ean
  • Basaurin apirilaren 5 eta 12an

Informazio gehiago eta laborategietarako izen-ematea: K proiektuaren webgunean

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude