Topaguneak eta HABE Liburutegiak lankidetzarako hitzarmena sinatuko dute

Hitzarmen honi esker Euskaltzaleen Topaguneak eta euskaltzaleen elkarte guztiek HABE liburutegiko funtsa eskura izango dute. Horrela, aurrerantzean Topaguneak edo bere bazkideek hizkuntzen berreskurapenarekin lotutako jakintza lerro anitzei buruzko ikerkuntzen ondorio eta albisteak ezagutzeko aukera izango dute. Bestetik, Topagunearen eta bere bazkideen baitan egiten diren ikerketa eta azterlanak HABE liburutegiaren bidez gorde eta hedatzeko aukera izango da.

Lankidetza hitzarmena ondoko helburuekin sinatuko da:

– Euskaltzaleen Topagunearen eta bere bazkideen bibliografia eta dokumentazio beharrei HABE Liburutegiak modu azkar eta egokian erantzutea

– Euskaltzaleen Topaguneak bere proiektu eta gainerakoetan HABE Liburutegiko funtsak erabiltzea eta horien berri ematea

Beraz aurrerantzean HABE liburutegiko funts bibliografikoaren erabilera egin nahi izanez gero edo elkartean egindako lanak HABE liburutegira bidali nahi izanez gero harremanetarako bide hauek erabiliz egin ditzakezue zuen eskaera edo eskaintzak: aitziber@topagunea.org idatzita edo 94 621 41 15 zenbakira deituta eta Aitziber Urizarregatik galdetuta.

Sarean aurki dezakezue HABE liburutegiak esaintzen dituen zerbitzuen inguruko informazioa.

habe_liburutegia

HABE liburutegiaz

Eleaniztasunaren inguruko liburutegi espezializatu eta publikoa da HABE Liburutegia. 40.000 dokumentu, 700 aldizkari eta beste euskarritako dokumentu ugariz osatuta dago. Hiru ataletan dago antolatuta:

  1. Hizkuntzalaritza Aplikatua:Hizkuntzen alde didaktikoak (Bigarren hizkuntzen didaktika), soziologikoak (Soziolinguistika), psikologikoak (Psikolinguistika) eta hezkuntzari buruzkoak (Hezkuntza elebiduna) lantzen ditu, arreta berezia eskainiz euskararen didaktikarekin eta Euskal Herriko hizkuntzen ikuspuntu soziologiko, psikologiko eta hezkuntzarekin lotura duten dokumentuei.
  1. Euskal Biblioteka: Euskarazko ekoizpen osoa jasotzen da bertan: literatura guztia, gizarte-zientziak, natur zientziak, zientzia aplikatuak, artea, geografia, historia…
  1. Material Didaktikoa:Euskara eta beste hizkuntza asko ikasi eta irakasteko materialak biltzen dira bertan.

 

Biblioteka espezializatu eta publikoa denez, ohiko zerbitzuez gain (mailegu pertsonala eta biblioteken artekoa, sarbidea katalogora, eskaneatzeko aukerak, desideratak…), zerbitzu espezifikoagoak eskaintzen ditu HABE Liburutegiak, hala nola:

  •  Alertak (alertak@habe.info): Liburutegian jasotzen diren 100en bat aldizkari tekniko kontrolatzeko aukera ematen du zerbitzu honek. Ale berri bat argitaratu orduko, erabiltzaileak alerta bat jasoko du bere e-postan azken ale horren aurkibidearekin, eta artikuluren bat nahi izan ezkero, eskatu eta posta elektronikoz jasoko du artikuluaren PDFa.
  • Dokumentu berriak RSS bidez: Liburutegiak eskuratzen dituen dokumentu guztiak edo atalka: http://www.ikasbil.net/web/liburutegia/liburu-berriak
  • Mailegua:Euskal Irakurketa Publikoko Sareko partaide izanik, HABE Liburutegiko dokumentuen mailegua eta itzulketa nork bere udalerriko liburutegiaren bidez egin dezake.
  • Hitzarmenezko harremanak:Hitzarmena sinatuta duten erakundeetako partaideek edozein dokumentu eskatzeko aukera dute, beti ere HABE Liburutegiak finkatu duen esparrukoa baldin bada. Beraz, HABE Liburutegiak, bere funtsetan eduki ala ez, berak lantzen duen esparrukoa den edozein dokumentu lortzeko ardura hartuko du eskatzailearen esku jartzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude