Ikusi eta Ikasi haur kultur zirkuituak aurten 10 urte betetzen ditu

Urte berriarekin batera Ikusi eta Ikasi haur kultur zirkuituari esker 2 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzendutatako euskarazko ikuskizunik onenak heldu dira Bilbora. Antzerkia, magia, musika, pailazoak, ipuin kontalariak, familia osoarentzako tailerrak eta bestelako proposamen eszeniko bitxiak aurki daitezke Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak Euskara Elkarteen Topagunearekin batera bultzatzen duen ‘Ikusi eta Ikasi’ ikuskizun-programaren aurtengo eskaintza berezian. Gainera, ekimenaren 10. urteurrena ospatzeko, oraingo edizioan piruletak banatuko dira partaide guztien artean.

Bilboko haurren artean euskararen erabilera sustatzea xede duen ‘Ikusi eta Ikasi’ programak hamar urte beteko ditu 2014an, eta urteroko ohiturari jarraituz, urtarrilaren 14tik apirilaren 2ra bitartean, 2 eta 8 urte tarteko neska-mutilei zuzendutako 40 ekitaldi baino gehiago eskainiko ditu hiri osoko udaltegi, ikastetxe eta aretoetan. Azken urteotan 58.000 pertsonek parte hartu izan dute Ikusi eta Ikasi zirkuituan.

Ikusi eta Ikasi Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak Euskaltzaleen Topagunearekin batera antolatutako ekimena da, Euskara Sustatzeko Ekintza Planak (ESEP) ezarritako helburuak -hizkuntzaren transmisioa, kalitatea eta zerbitzugintza- oinarritzat hartzen dituena.

ZER DA IKUSI ETA IKASI?

Ikusi eta Ikasi egitasmoak Bilboko Udalak Topagunearen laguntzarekin haurrek eskolatik kanpo euskaraz aritzeko eta euskara modu ludiko batean disfrutatzeko antolatzen duen programa da. Programa 2005an hasi zen eta aurtengoa bederatzigarren edizioa izango da. Hamaika jarduera kultural prestatzen dira 2 eta 8 urte bitarteko umeentzat urtarrila martxoa bitartean non magia, txotxongiloak, ipuin kontalariak, antzerkian… aurkitu ahal ditugun. Gainera gurasoentzako ere tailer ezberdinak prestatzen dira seme-alabekin parte hartu dezaten.

GURASOEN PARTE HARTZEA

Gurasoen partehartzea sustatzea da, hain zuzen ere, ‘Ikusi eta Ikasi’ programaren helburu nagusietakoa, eta horretarako, iazko edizioan, www.ikusietaikasi.net deritzon webgunea sareratu zen, familiako kide guztientzat baina bereziki gurasoentzat baliagarriak diren era guztietako tresnak bilduz eta kezkak, aholkuak, estekak eta proposamenak partekatzeko aukera erraztuz.

TAILERRAK ETA HITZALDIAK

Aurreko urteetako esperientzia oinarritzat hartuta, ‘Ikusi eta Ikasi’ programaren 10. edizioak bere horrexetan mantendu du orain arteko tailer eta hitzaldien eskaintza. Hirugarren urtez, familia osoaren parte hartzea bultzatuko duen belaunaldi arteko Sukaldaritza Tailerra egingo da, izan ere, seme-alabekin errezetak prestatzeak aukera paregabea eskaintzen baitu ahozkotasuna eta gaitasun komunikatiboak garatzeko.Ikusi eta Ikasi 2014

Aurten, Sukaldaritza Tailerra arratsaldeko seietan egingo da Begoña, Errekalde eta Castañoseko udaltegietan urtarrilaren 28an, 29an eta 30ean, hurrenez hurren, eta goizeko 11etan otsailaren 1ean, zapatua, Deustuko Bidarte Udaltegian. Horrekin batera, otsailaren 11n, Eraikuntza eta Sormen Tailerra antolatuko da Begoñako Udaltegian, 18:00etatik aurrera, eta iazko Aratusteei begira abiarazi zen Mozorro Tailerraren bigarren edizioa Deustu, Begoña eta Errekaldeko udaltegietara iritsiko da otsailaren 22an, 25ean eta 26an, baita Abandoko Udaltegira ere hilaren 28an. Tailer hau 18:00etan egingo da astegunetan eta 11:00etan zapatuan (Deustun).

Azken edizioetako usadioari jarraiki, Iñaki Eizmendi hezitzaileak gurasoei zuzendutako orientazio-hitzaldiak eskainiko ditu Begoña eta Deustuko udaltegietan (otsailaren 4an, 18:00etan, eta hilaren 8an, 11:00etan) eta Tiboliko ikastetxean (otsailaren 6an, 18:00etan). Erdaraz egingo diren hitzaldi hauetan, Eizmendik euskaraz ez dakiten gurasoek haurrei nola lagun diezaieketen azalduko du.

ERA ASKOTAKO IKUSKIZUNAK

Urtero bezalaxe, ‘Ikusi eta Ikasi’ programaren 10. edizioak era askotako ikuskizunak bildu ditu etxeko txikienen gozagarri. Gainera, ahalik eta auzo gehienetara iristeko asmotan, aurtengo eskaintza Basurtuko Udaltegian ere izango da ikusgai estreinako aldiz.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude