Martxan da hiztegitxoak.eu webgunea

Euskaltzaleen Topaguneak hiztegitxoak.eu webgunea jarri du martxan. Bertan, euskaratik 35 hizkuntzatarako noranzkoan, eta alderantziz, oinarrizko hiztegiak lortzeko aukera eskaintzen du. Honela, egunerokotasunean hizkuntza ezberdinetako hiztunen artean “zubi hizkuntza” euskara izatea bultzatu nahi da.

Munduan 6.500 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira. Hizkuntzak dira kulturen adierazle garrantzitsuenetakoak eta beraz, munduko kultura aniztasunari eusteko, hizkuntzak zaindu behar ditugu. Euskarak Euskal Herria du bizitoki bakar eta, jakina denez, egoera gutxiagotuan dago. Gainera, gurean beste hizkuntza ugari bizi dira, asko azken urteetan etorri diren pertsonek ekarriak. Aniztasuna, beraz, etxean daukagu. Bakoitzak bere hizkuntza zaindu eta erabiltzeaz gain, beste hizkuntza batzuk ere ikasiz gero, denok aberastuko gara. Eta bakoitzak bereari uko egin gabe, euskara izan dadila guztion arteko kohesio eta komunikazio hizkuntza. Horixe da Euskaltzaleen Topagunearen nahia eta apustua.

Elkar harremanerako oinarrizko hiztegi hauekin, elkarren arteko ezagutza eta aitortza bultzatu nahi da euskara erdigunean jarriz. Web gunearen bidez, 330 hitzeko oinarrizko hiztegia eskuratu daiteke eta inprimatu egunerokotasunean erabiltzeko. 35 hizkuntza horietako batzuk gainera, gutxiagoturiko hizkuntzak dira. Era berean, erabiltzaileek hizkuntza berrietako oinarrizko hiztegiak txertatu ditzakete, web gunea gero eta hizkuntza gehiagorekin elikatuz.

2 comments for “Martxan da hiztegitxoak.eu webgunea

  1. Lur Iharmendi
    2014/01/16 at 21:09

    Hau izango bada dana, nahiko urria, eskasa eta laburra da.

     
  2. Euskaltzaleen Topagunea
    2014/01/17 at 10:04

    Egitasmo honen helburua hasieratik izan da poltsikoan erabiltzeko moduko oinarrizko hiztegitxoak sortzea, gutxieneko komunikazio baterako baliagarriak diren hitz eta espresioekin. Beraz, oinarrizko hiztegiak dira, 330 sarrera dituztenak. Momentuz 35 hizkuntza ibili ditugu, baina gehiago ere egin nahi genituzke eta, beraz, osatzeko gogoa edo interesa duen edonoren ekarpena gustura hartuko dugu: beste hizkuntzaren batean egiteko aukera bazenu edo beste hizkuntzaren batean egin dezakeen norbait ezagutuko bazenu, pozarren jasoko genuke zuen ekarpena! Bestelako ekarpen edo proposamenik egin nahi bazenu ere, jo ezazu gugana.
    Mila esker eta laster arte!

     

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude