Udagoieneko Ostera Bermeo, Basauri eta Ermura bidean dago

Lehengo larunbatean hasi zen Udagoieneko Ostera. Bizkaiko kultur zirkuituak Zallan izan zuen lehen geldialdia, OSKORRI musika taldearekin. 30 urteko ibilbide luzearekin, oraindik giroa ederki berotzen dutela erakutsi zieten Zine Antzokira gerturatu zirenei.

Bigarren geltokia gaur izango du Osterak, Bilboko Kafe Antzokian. GATIBUk Zazpi Kantoietan diskoa aurkeztuko du gaueko 22:00etatik aurrera, baina sarrera guztiak agortuta daude jadanik.Gabrielen Lekua. Udagoieneko Ostera Datorren astean BENITO LERTXUNDIk Basaurin eskainiko duen emanaldirako sarrerak ere atzo arratsaldean agortu ziren.

Hala ere, Bermeon GABRIELEN LEKUA ikuskizun berria, eta Ermuan EÑAUT ELORRIETAren lehen bakarkako lana ikusteko aukera daukazue oraindik:

Azaroaren 28an, osteguna. Bermeoko Kafe Antzokian, 20:00etan. Sarrera 6€

  • GABRIELEN LEKUA: Sortu berria den Gabriel Aresti kultur elkartearen egitasmoa dugu Gabrielen lekua ikuskizuna. Helburua Gabriel Arestiren ondarea ezagutaraztea da, idazle gisa zein pertsona legez. Horretarako, hainbat kultur adierazpide elkartuko dira oholtzan: musika, bertsolaritza, deklamazioa, ikusentzunezkoak… Gabriel Arestiren obraren pasarteekin batera, sortzaileek (Rafa Rueda, Andoni Egaña, Oier Guillan eta Alain Urrutia, besteak beste) beren beregi emankizunerako sorturiko lan berriek osatuko dute ikuskizuna. Urrian estreinatu zuten ikuskizuna, Arriagan, eta oso harrera ona izan zuen.

Azaroaren 29an, ostirala. Ermuko Ermua Antzokian, 22:15ean. Sarrera 10€

  • EÑAUT ELORRIETA: “Deserriko kantak” da Eñaut Elorrietaren bakarkako lehen lana. Deserriari ertz guztietatik begiratzen dio Ken Zazpiko abeslariak. Horretarako, bereaz gain hainbat idazle eta poetaren lumaz baliatu da. Haietariko batzuek euren azalean bizi izan dute deserri politikoa (Joseba Sarrionandiak edo Joan Oliverrek, kasu); beste batzuek deserri poetikoari idatzi diote (Mario Benedetti, Harkaitz Cano, Bernardo Atxaga). Gai soziala bezain intimoa den deserria berea egin du Eñaut Elorrietak, hitzekin eta musikarekin lur zati bizigarri bat zedarritu nahian.

Emanaldietarako sarrerak aretoetan bertan zein BBKren orotariko kutxazainetan (eta interneten, hemen) eskuratu daitezke. Guztira, bost herritan izango da aurtengo Udagoieneko Ostera, Bizkaiko antzokietara punta-puntako euskarazko kultur eskaintza gerturatuko duelarik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude