Euskaltzaleak plazara ateratzeko deia

Gaur goizean aurkeztu dugu “Euskarak 365 Egun” ekimena, herriz herri ekitaldi ugari bilduko dituen ekimen zabala. Abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan antolatutako ekimena Topagunean biltzen diren herri eta eskualdetako 36 euskaltzale elkartek antolatu dutela azaldu du Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendariak goizeko aurkezpenean.

“Euskarak 365 Egun” ekimenaren bidez euskaltzaleei plazara ateratzeko deia egin nahi izan diegu antolatzaileek. Izan ere, euskararen normalizazioan euskaltzaleek egindako lanaren aldarrikapena egin nahi du Topaguneak eta etorkizunean ere, hizkuntzaren normalizazioari bultzada berri bat emateko deia egin diegu euskaltzaleei, bakoitzak bere lekutik (euskaltzale elkarteetatik, bestelako gizarte mugimendutatik, erakundetatik edo enpresatatik) euskaraz bizitzeko aukerak sortzen jarraitzeko deia.

Ekimenaren izaera herritarra azpimarratu du Jasone Mendizabalek, herritik sortuta, herritarrei zuzendua eta herritarrek egina izango baita.

“Euskarak 365 Egun” ekimenaren kimua Durangoko Berbaro taldeak erein zuen 2011ko abenduan. Berbaro elkarteko zuzendari Maite Berriozabalek gogora ekarri du zerk bultzatu zituen Durangoko euskaltzaleak ekimena martxan jartzera: euskaltzaleek urte osoan egindako lanaren aitortza egin nahi zutela aipatu du Berriozabalek eta abenduaren 3a lan hori kaleratu eta areagotzeko baliatu nahi izan zutela. Euskararen normalizazioa batez ere euskaltzaleen eskutik etorriko dela sinetsita egin zuen deia Berbarok, inoren zain egon gabe, euskaltzaleen ekimenetik sortuko ditugula espazio eta funtzio berriak euskararentzat. Ekimena Euskal Herri osora zabaltzeko proposamena begi onez ikusi dute Euskal Herriko hainbat euskaltzale elkartek eta Berbaro taldearentzat pozgarria izan da Durangon hasitakoa Euskal Herriko txoko ezberdinetara hedatzea.

Euskal Herri osoan 50.000 kartel banatu dira jadanik eta euskaltzaleen babesa bilduko duen webgunea martxan jarri da. Webgune honetan euskaltzaleek beraien argazkiak igo ahal dituzte babesa adierazteko.

Herriz herri antolatuko diren bilkuren berri eman dugu, herritarren agerraldian eta manifestu baten irakurketan oinarrituko diren bilkurak. Ildo horretan, adibide modura, Basauriko Euskarabila elkarteko ordezkari Amaia Aurrekoetxeak eta Maite Muñoz, abenduaren batean Bizkaiko herri honetan egingo den ekimenaren berri eman dute. Basauriko auzo ezberdinetako hamarnaka elkartek eta eragilek antolatutako bost kalejirekin abiatuko da abenduaren 1eko ekimena eta herriaren erdigunean bilduko dira ekitaldi nagusia egiteko. Auzolanak eta herri ekimenak izan duten garrantzia azpimarratu dute antolatzaileek.

Ekitaldi guztien berri 365egun.eu webgunean bertan jaso ahal izango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude