Durangoko Azokako IRUDIENEA gunea zineman izango da aurten

Durangoko Liburu eta Disko Azoka, euskal kulturaren plaza bilakatu da azken urteetan. Izenean ez ezik (“Durangoko Azoka” deitzen da orain), izanean nabari da aldaketa. Izan ere, 8 gunek osatuko dute aurten euskal kulturaren urteko plazarik handiena: Azoka, Kabi@, Areto Nagusia, Saguganbara, Plateruena, Ahotsenea, Irudienea eta Szenatokia izango ditugu.

Azokaren azken urteotako hedapen hau, ezingo zitekeen burutu hainbat eragileren elkarlanik gabe. Tartean, Euskaltzaleen Topagunean IRUDIENEA ikus entzunezkoen plaza antolatzeko konpromisoa hartu genuen duela hiru urte, eta hortan arituko gara aurten ere. Irudieneak ikus-entzunezkoen alorreko sortzaileei leku bat egiten die azokan, eta beren lanen erakuslehio izateaz gain, sortzaileak eta zaleak harremanetan jartzen ditu, tertuliarako aukerak sortuz.

Aurten, erronka handi bat daukagu esku artean: Landako erakustazokatik atera eta ZINEMARA GOAZ. Batetik, Durangoko Azoka Durangora zabaltzeko apustua egin zuelako Gerediagak, elkarlanean ari garen eragileekin batera; eta bestetik, ikus-entzunezkoak beren gune naturalean kokatu nahi ditugulako: zineman. Horrela, proiekzioek kalitatea irabaziko dute, 100 lagunentzako lekua izango dugu eta aurkezpenetarako aretoa egokituko dugu. Baina lasai! Landakotik 150 metrora baino ez gara egongo!

Durangoko Azoka 2013. Mapa

Irudienea 4 egunez egongo da zabalik, abenduaren 5etik 8ra, eta guztiok gozatzeko moduko eskaintza egongo da bertan: film luzeak, film laburrak, bideoklipak, aurkezpenak, mahaingurua, dokumentalak, fikzioa, umeentzako filmak… eta KAMERATOIA, ikus-entzunezko rallya ere Irudienean izango da! 48 ordutan, parte hartzen duten gazteek film labur bat egin beharko dute. Kameratoiari buruzko informazio zehatzagoa, hemen.

Aipatu bezala, sortzaileak ere bertan izango dira, eta elkarrizketarako tarteak izango ditugu. Guztia, debalde.

Erronka honi aurre egiteko, ezinbestekoak dira ikusleak eta zaleak. Beraz, abenduaren 5etik 8ra Durangora gerturatzeko deia egiten dizuegu, azokara, Irudieneara zein gainontzeko guneetara. Hara proposamena: laster eskura jarriko dizuegun egitaraua aztertu, eta azokara egun pasa ederra egiteko asmoz etorri! Liburu edo diskoren bat erosi, kontzertu bat entzun, filma bat eta antzezlan bat ikusi, Plateruenan aurkezpen bat eta pintxo pare bat gozatu… hauek dira guneak:

IRUDIENEA

1. gunea. Azoka

2. gunea. Kabi@, digitalaren plaza

3. gunea. Areto Nagusia, liburuen aurkezpenen plaza

4. gunea. Saguganbara, txikien eta handien plaza

5. gunea. Plateruena, kontzertu handien plaza

6. gunea. Ahotsenea, sortzaileen plaza

7. gunea. Irudienea, ikus-entzunezkoen plaza

8. gunea. Szenatokia, arte eszenikoen plaza

Guneek ibilbide bat osatuko dute, eta elkarren segidan aurkituko dituzte, erraz erraz!  Datozen egunetan emango dizuegu egitarau zehatzen berri.

Zatoz Durangoko Azokara, zatoz kulturaren plazara!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude