Uribe Kostako hizkuntza eta kultur ondarea, Mihiluze lehiaketarekin bat eginda

Mihiluze Uribe Kosta lehiaketaren helburu nagusia, haurrek zein helduek ondo pasatzeaz gain, Uribe Kostako hizkuntza eta kultura ondarea zabaltzea da. Horretarako, Labayru Ikastegiak landutako “Zer Ikusi Ha Ikasi” unitate didaktikoa osatze duten DVDan eta liburu bilduman jasota dauden edukiak modu dibertigarri batean lantzeko aukera zabalduko da, ETB1 katean urteetan emititutako Mihiluze programa arrakastatsuan oinarritutako lehiaketa Uribe Kostara ekarrita, hain zuzen ere.

Lehiaketa herritar guztiei zabalik dago, parte hartzea 2 kategoriatan banatuko delarik: 9 eta 12 urte bitarteko gaztetxoak “Mihiluze-Txiki” kategorian lehiatuko dira eta gainontzekoak “Mihiluze-Herritarrak” izeneko kategorian.

Abendutik aurrera, Mihiluze Uribe Kosta lehiaketan gainditu beharko diren frogak prestatzeko, ikasketa material berezi bat zabalduko da: Hainbat testu, irudi eta bideoekin osatutako multimedia aurkezpenak hain zuzen ere. Materiala gero eta hobe ikasi, gero eta errazagoa izango da lehiaketako frogak gainditzea.

Antolakuntzak bost ataletan banatuko du material guztia eta abendutik martxora bitartean ikastetxe, euskaltegiei eta parte hartzeko interesa duen eragile orori banatzeaz gain, www.mihiluzeuribekosta.com webgunean argitaratuko ditu, herritar guztiei materiala eskuratzeko aukera zabalduz.

Materiala ondo barneratu ondoren, ikasitakoa praktikan jartzeko unea helduko da, apirilean izango diren kaleratze fasean eta finalean, hain zuen ere.

Kategoria bakoitzeko talde irabazleak sari bana jasoko du: Mihiluze Txiki kategorian, Troka Abenturan 7 lagunentzat Multiabentura goiza izango da sari nagusia eta Mihiluze Herritarrak kategoriaren kasuan, talde irabazleak 4 lagunentzako Dastatzeko Menua eskuratuko du. Gainera, kategoria bakoitzeko irabazleek Mihiluze CD jolas bana eskuratuko dute.

Mihiluze Uribe Kosta lehiaketan parte hartzeko, hirukote bat osatu eta ondorengo bide hauetako batetik izena eman beharko da: www.mihiluzeuribekosta.com webgunean dagoen izen-emate fitxa betez, info@mihiluzeuribekosta.com helbidera idatziz edota 673 32 20 38 telefonora deituz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude