Hiztunpolisa liburua merkeago bazkideontzat

Jon Sarasuak idatzitako Hiztunpolisa liburua merkeago lortzeko aukera duzue Euskaltzaleen Topaguneko bazkideok. Pamiela argitaletxeak argitaratutako liburua 18,00 eurotan lortu ahal izango duzue eskatzen duzuenok.

“Hiztunpolisa. Euskaltasunaren norabideaz apunteak” liburuan hizkuntzaz, hizkuntza komunitateaz, euskalgintzaz eta norabideetaz gogoeta interesgarriak egin ditu egileak, “nola goaz?” eta “nora goaz?” galderen inguruan. Irailaren 28an Soraluzen egindako TopaEgunean egin zen liburuaren aurkezpena eta bertatik bertara jaso ahal izan genituen Jon Sarasuaren gogoeta horietako batzuk. Zinez interesgarriak iruditzen zaizkigu liburuan jasotako hainbat ideia Euskaltzaleen Topagunearentzat eta mugimenduko elkarteentzat.

Horrela aurkezten da liburuan bertan “Hiztunpolisa”:

Sukaldeko hodiez eta espiral deskiribilez mintzo dira orri hauek. Euskararen norabideaz pentsatzeko angelu batzuk hartuta, zatika egindako begiratuak dira, adar anitzetan barreiatuak. Biderako apunteen forma dute gehienek, zer egin? dioen galderaren bueltan. Hiztun komunitatearen zuntzetan nahi dituzte testuok begiak jarri, bideak iradoki eta galderak pausatu.

Nola goaz? Ez dago oraintxe erraza galdera honi erantzuten. Diagnostiko agonikoak, balorazio positiboak, behialako uste handien erresakak, egindakoen legitimazioak, aurrerako pozak eta frustrazioen oldarrak nahasiegi datoz ur uharretan.

Nora goaz? Desioetatik erantzutea edo susmoetatik erantzutea, alde handiko ariketak dira. Norabide lausoak marraztera gonbidatzen du mendeak. Eta norabide lauso horietan amets zatiak doitzera, estrategia-kateak jostera.

 

Liburuak eskuratzeko info@topagunea.org helbidera bidal ditzakezue mezuak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude