Euskaltzaletasunari balorea eman zitzaion TopaEgunean

Ehunka lagunek balorea eman zioten euskaltzaleen mugimenduari larunbatean Soraluzen. Giro bikaienean eta programa bete-betean euskaltzaleak, festa, kalea eta auzo-lana izan ziren eguneko protagonistak. Soraluzeko herria eta Deba bailarako euskaltzale elkarteek auzo-lanean egindako lan eskergari esker gozatu ahal izan zen larunbateko eguna, mugimenduarentzat eredugarria den herri eta eskualdearen ekarpenari esker.

Arratsaldeko ekitaldia izan zen TopaEguneko ekitaldi nagusia. Deba ibaiak piztu zuen euskaltzale guztien arreta ekitaldiaren hasieran. Euskaltzaleen mugimenduko hamar kidek lore handi bat osatu zuten, goiz osoan zehar herriko Plaza Barrixan egondako bost lore-orriekin. “Emaiozu balorea” lemari “mugimenduari“, “euskalduntasunari“, “plazari“, “auzo-lanari” eta “plazerrari” gehitu zioten euskaltzaleek.

Urko Aristik gidatutako ekitaldian eskualdeko euskaltzale elkarteen ordezkari Arrate Gisasola (Pil Pilean, Soraluze) eta Ainhoa Mendibilek (Elgoibarko Izarra) euskaltzaleak antolatzera deitu zituzten. “Euskaltzale antolatuek eutsi diote urtetan hiztun komunitateari” eta aurrerantzean ere “inoren zain ez egoteko” deia egin zuten; “euskal komunitatea plazan, kalean, biziberritzera” gonbidatu zituzten euskaltzaleak bailarako elkarteko kideek. Uxue Alberdi eta Ainhoa Agirreazaldegiren bertsoek Mikel Irizar Euskaltzaleen Topaguneko presidenteari eman zioten bidea. Irizarrek tokikotasunak duen garrantzia azpimarratu zuen, tokian tokiko sareak egitean eta bakoitzak bere hurbilean eragitean dagoela oinarria. Jose Angel Irigarairen Agora zoragarriak Topa handi bati egin zion sarrera eta Xero Xiette taldeak egunerako prestatuko abestia kantatuz eta dantzatuz amaitu zen ekitaldia.

Giro ona goiz-goizetik

Goizeko hamaiketan Soraluzeko zubiaren erditik eta udaletxeko balkoi zein Pil Pilean elkarteko egoitzatik txalaparta, adar-hots, irrintzi zein bertso bidez deia eta ongi-etorria egin zieten bertaratutako euskaltzale guztioi Soraluze eta bailarako herritarrek. Soraluzeko alkate Hiart Arluziaga eta Topaguneko zuzendari Jasone Mendizabalen hitzekin eta herriko haurrek kantatutako Niri euskaraz mesedez kantuarekin abiatu zen eguna. Goizean zehar ez ziren falta izan Lasarteko antzerkilari zirikatzaileak, Andrabanda Feminista taldekoen danbor eta perkusio hotsak, mintzalagunentzat prestatutako Berba Probak (Soraluzeko bertso eskolako gaztetxoen parte hartzearekin), Kantu Jirako kantuak, puzgarriak eta aisialdiko sei elkartek antolatutako umeen hiria ibilbidea zein tailerrak. Jai giroa nagusi izan zen herriko kaleetan. Arrasate, Bergara eta Ermuako talo-egileak gelditu gabe aritu ziren goiz osoan zehar danontzat gozagarri.

Herri Antzokian berriz, gogoetarako tartea egon zen, Jon Sarasuak idatzitako eta Pamielak argitaratutako “Hiztunpolisa, euskalduntasunaren norabideaz apunteak” liburuaren aurkezpenean. Liburuko atal batzuetan landutakoak aurkeztu zituen Jon Sarasuak eta aretora hurbildutako lagunek adi jarraitu zuten. Euskalduntasunaren eta euskalgintzaren etorkizunaz gogoeta egiteko tresna interesgarria aurkeztu zen larunbatean eta egileak azaldu zuen modura, hurrengo hilabeteetan liburuan lantzen diren hainbat gairen inguruan hausnarketa egiteko abiapuntua izango da, herriz herri gogoeta-saioak egiteko parada egongo delarik.

Bazkari ondoren, kultur gindak

Soraluzeko sei elkarte gastronomikotan prestatu zen TopaEguneko herri-bazkaria eta sei elkarteotako egoitzetan banatu ziren bazkaltiarrak. Sorpresaz kargatutako bazkaria izan zen gainera, elkartetako kideek prestatutako menu goxoaz eta Soraluzeko hainbat herritarrek ondutako postreez gain kultur gindak izan baitziren bukaeran. Goizean zehar herriko kaleetan ibilitako Lasarteko antzerkilariez gain Uxue Alberdi eta Ainhoa Agirreazaldegi bertsolariek eta Kokein zein Napoka Iria musika taldeek eskaini zituzten ginda berezi horiek. Luxua formatu txikian. Hezitzaileek bitartean elkarren artean jolasak egiteko aprobetxatu zuten bazkal-ostea eta haurrek Irrien Lagunak izan zituzten zain. Bazkari konpletoa beraz.

Arratsaldeko ekitaldiaren ondoren musika eta dantzaren txanda heldu zen. Xero Xiette talde Plaentxiarraren erromeriak euskaltzaleak dantzan jarri zituen eta gauerako Deba bailarako bi musika talde handik eskaini zuten kontzertua, Kokein eibartarrek eta Gose arrasatearrek. Azken orduko euriek ere ez zituen bertara hurbildutako euskaltzaleak ikaratu eta kantuan hasitako eguna dantzan amaitu zuten.

Larunbatean Deba bailaran bizitako TopaEguna ederra izan zen eta erronka polita jarri zitzaien datorren urterako txanda hartu nahi duten elkarteei.

Argazkiak: Pil-Pilean elkartea (plaentxia.com)

Bideoa: Goiena (goiena.net)

1 comment for “Euskaltzaletasunari balorea eman zitzaion TopaEgunean

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude