Abian da Supermintzalagunen 20. promozioa

Aste honetan 2013-2014 ikasturteko Mintzapraktika egitasmoak aurkeztu ditugu. Martxan jarri berri dugun izen emate kanpainak, egunerokoan euskararen alde beren alea jartzen duten supermintzalagunak omendu nahi ditu. Izan ere, ahalegin horri esker biziberritzen da euskara, eta superheroiak bezala, sarri ikusezinak izaten dira. Aurreko ikasturtean 5.500 mintzalagun elkartu dira Euskal Herri osoan hedatuta dauden egitasmoetan.

Superheroiak aurkezpena

Aurtengoa urte berezia da mintzalagunentzat., duela 20 urte sortu baitziren lehen mintzalagun taldeak Donostian. Gaur egun 230 lagun inguru elkartzen dira bertan. Asteroko zitan jariotasuna eta ohitura lortu ahala, mintza taldeetatik kanpo gero eta gehiago erabiltzen dute euskara beraien ingurunean, lanean, lagun giroan, zein familian.

Jakingo duzuenez, Mintzapraktika egitasmoek euskaraz aritzeko ohiturarik ez duten lagunak ohitura dutenekin batzen dituzte. Bospasei lagunek osatutako talde txikiak dira, eta astean behin biltzen dira. Berbalagun, mintzakide edo solaslagun izena ere hartzen dute, besteak beste, eta 80 herri eta eskualdetan zabalduak daude. Parte hartzeko baldintza bakarrak euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez batzeko konpromisoa hartzea dira.

Izen emate kanpainan Aitziber Garmendia eta Kepa Errasti aktoreek hartu dute parte, zenbait mintzalagunekin batera. Aurten, 22 herri eta eskualdek hartu dute parte kanpainan, eta inoizko bateratuena izan da. Ondoko herrietan zabalduko da, baina esan bezala, egitasmoa Euskal Herri ia osoan hedatuta dago: Arabako Errioxa, Arrasate, Baztan/Bortziri/ Malerreka, Bergara, Deba, Donostia, Eibar, Elgoibar, Gasteiz, Getxo, Gorbeialdea, Hondarribia, Igorre – Dima, Iruñerria, Lasarte, Lizarraldea, Arabako Mendialdea, Ordizia, Orereta, Soraluze, Tolosa, Villabona – Zizurkil.

Supermintzalagunen bideoa ikusteko, sakatu hemen!

Izena emateko beharrezko informazioa, herriko euskara elkartean, euskaltegian, udalean edota www.mintzalaguna.org webgunean aurki daiteke.

Eskerrik asko kanpainan parte hartu duzuen mintzalagun guztiei!

Supermintzalagun izan nahi? Elkartu gurekin!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude