Durangoko egoitza berria aurkeztu du Topaguneak

Durangoko Landako elkartegian duen egoitzaren aurkezpen publikoa egin dugu gaur. Hamar urte baino gehiago Abadiñon egin ondoren, Durangora aldatu dugu Topagunearen egoitza 2013 urtearen hasieran eta gaurko ekitaldia baliatu dugu, aldaketa posible egin duten erakundeen ahalegina eskertu eta Durangaldeko zein Euskal Herriko erakunde eta eragileei egoitza aurkezteko.

Durangoko egoitzaren inaugurazio instituzionala

Mikel Irizar presidenteak bereziki eskertu die Bizkaiko Foru Aldundiko eta Durangoko udaleko ordezkariei Euskaltzaleen Topaguneak izan duen beharrari erantzuteko izan duten prestutasun eta azkartasuna. Euskaltzale antolatuen gizarte mugimenduek hizkuntzaren normalizazioan dugun funtzioa gogora ekarri eta herriz herri antolatuta dagoen mugimenduarentzat zein tokian tokiko erakundeentzat adibide izan beharko lukeela azaldu du Irizarrek bere hitzaldian.

Euskararen normalizazioa ziklo berri batean sartzen ari da Mikel Irizarren iritziz eta garai berrian euskarak eta euskal hiztun komunitateak lankidetza espazioak behar dituela aldarrikatu du. Izan ere, gizarte ekimenaren eta erakundeen arteko harremana giro horretan garatzea mesedegarri izango da normalizazioa helburu duen gizartearentzat.

Ekitaldian hainbat erakundetako ordezkariek parte hartu dute. Josune Ariztondo Kultura Diputatuak hartu du hitza Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean eta Durangoko alkate Aitziber Irigorasek udalarenean. Elkarlana azpimarratu du Josune Ariztondok ere, erakundeen funtzioen arteko osagarritasuna aipatuz. Ildo horretan foru erakundeak euskararen alde egin dituen apustua eta estrategiaren barnean kokatu du Ariztondok ekimena, Topaguneak euskara zabaltzeko, hedatzeko eta bultzatzeko egiten duen eguneroko lana gauzatu ahal izateko tresna eskaini nahi izan duelarik Bizkaiko Foru Aldundiak. Euskararen sustapen lanean dabiltzan erakunde, elkarte eta pertsonak eskertu eta lan horretan jarraitzera animatu ditu azkenik. Aitziber Irigorasek ere, ildo beretik, ongi etorria eman dio Topaguneari eta Durangok dituen

Aurretik aipatutakoez gain, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuorde Patxi Baztarrikak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendari Zigor Etxeburuak eta Kontseiluko Idazkari Nagusi Paul Bilbaok ere hartu dute hitza ekitaldian. Hiru gonbidatuek izan dute euskara eta hiztun komunitatearen geroa hizpide. Euskalgintzako eragile eta Durangaldeko gizarte eragile zein erakundeetako ordezkariek parte hartu dute aurkezpen ekitaldian.

Lotura: Goiena.net-en argazki galeria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude