Herriko Euskalgintza Janzten ikastaroa antolatu dute Topagunea eta HUHEZIk

Euskaltzaleen elkarteetako kide zein herrietan antolatuta dabiltzan gainontzeko euskaltzaleei zuzendutako formazio eskaintza interesgarria antolatu dute Euskaltzaleen Topaguneak eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZIk. Aspaldiko asmo eta helburuei erantzunez sortu da eskaintza berria, herrietako euskalgintzaren formazioan eta transmisioan eragin nahian, beti ere.

Teoria eta praktika uztartu nahi ditu Herrietako euskalgintza janzten sakontze ikastaroak eta horretarako, aurrez aurreko saioez gain, tutore mintegiak aurreikusi dira eta lanak ere egin beharko dituzte parte hartzaileek. Gainera, partaide bakoitzak bere ingurune hurbilean baliagarri izango den proiektu bat sortu beharko du formazioaren bukaeran. 

Lau bloketan banatu dira sakontze ikastaroaren edukiak:

  • Euskararen gizarte mugimenduaren diakronia aztertuko da lehen atalean, azken mendean eta bereziki azken berrogeita hamar urteotan euskalgintzak izandako bilakaera landuz.
  • Gaur egungo euskararen gizarte mugimendua izango da bigarren atalean aztergai. Nagusiki herriko euskalgintza landuko da, tokian tokiko euskaltzaleen topaguneetan zentratuz.
  • Hizkuntzen biziberritze prozesuak izango ditu hirugarren atalak gaitzat. Atal honek berebiziko pisua izango du ikastaroan eta besteak beste Txepetx eta Fishman moduko autoreen lana aztertuko da.
  • Bukatzeko, gizarte mugimenduen izaera eta egitekoen gainean arituko gara laugarren atalean.

 

  
           

Herriko euskalgintza janzten I from Ekthuhezi on Vimeo.

 

Sakontze ikastaroa 2013ko urrian abiatuko da eta 2014ko maiatzean amaitu. Bukaerako proiektua 2014ko uztailean edo abenduan aurkeztu ahal izango da.

Formazioaren gaineko informazio gehiago eskuratzeko, HUHEZI edo Topagunera jo daiteke, aurkezpen orrian agertzen diren telefono edo posta helbideen bidez.

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude