Euskara Elkarteetako bazkide eta mintzalagunek abantaila bereziak dituzte Berriako harpidetzan

Gaur goizean Berria Taldeak eta Euskaltzaleen Topaguneak hitzarmena sinatu dugu. Elkarlan horri esker, euskaltzaleen elkarteetako bazkideek eta mintzalagunek egunkariko harpidedun egitean abantaila bereziak  izango dituzte.

Berriarekin hitzarmena

Durangoko Topagunearen egoitzan sinatu dute hitzarmena Joanmari Larrarte Berria Taldeko Kontseilari ordezkariak eta Mikel Irizar Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak. Helburua, mugimenduaren bueltan dauden lagunei euskaraz bizi ahal izateko tresnak eskaintzea da. Era berean, bazkide zein mintzalagunek euskararen alde egiten duten ahaleginari aitortza xumea egin nahi diogu bi erakundeek, abantaila hau eskaini eta esker ona adieraziz.

Gainera, Berriak, euskararen normalizazioa helburu izanik, egunetik egunera euskaraz bizitzeko hautua egiten duten irakurle berriak hurbiltzeko lanean dihardu sarean zein paperean eskaintzen duen euskarazko informazioaren bitartez.

Euskaraz bizitzeko hautua egiten duten lagunek ezinbestekoa dute hedabideak euskaraz kontsumitu ahal izatea. Zer esanik ez, komunitatean murgildu eta erabilera areagotzeko premia eta nahia duten mintzalagunen kasuan.Tokiko hedabideek aukera ezin hobea ematen dute gure herri edo eskualdeko informazioa jasotzeko, eta haren osagarri naturala da Berriak egiten duen lana, nazio mailako albisteekin.

Horregatik, bazkide eta mintzalagunek harpide eginez gero Berria urtebetez %50eko deskontuarekin jasotzeko aukera izango dute. Hainbat harpidetza mota izango ditugu eskura, ondorengoak hain zuzen:

  • Asteartetik-igandera: 222€
  • Asteartetik-ostiralera: 141,5€
  • Ostirala-larunbata eta igandea: 119,6€
  • Larunbata eta igandea: 85,5€

Berrialagun harpidedun egiten direnek, ongi etorri gutunarekin batera berrialagun harpidedun txartela jasoko dute. Txartelaren bidez eta berrialagun harpidedun kodea erabiliz, hainbat abantaila izango dituzte: asteroko kioskoan opariak, kultur emanaldietarako sarreren zozketak, promozioetan eskaintza bereziak eta abar.

Ezin aipatu gabe utzi, Berria egunkariak 10 urte bete dituela aurten. Urteurrena ospatzeko, hainbat kultur emanaldi antolatu dituzte ekainaren 22ra bitartean. Hemen daukazue ekitaldiei buruzko informazioa.

Harpidetzari buruzko informazio gehiago eskuratzeko, idatzi arrate@topagunea.org helbidera edo deitu 673.428.464 / 94.681.48.21 telefono zenbakietara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude