Euskal hizkuntza komunitatearen beharrei erantzuteko hizkuntza politika eskatu du Topaguneak Araban

Agerraldia-Arabako-BBNN-3Euskaldunon hizkuntza komunitatearen eta normalizazioaren beharrei erantzungo dien Hizkuntza Politika ausarta eskatu dute Arabako euskaltzaleen elkarteek eta Topaguneak gaur goizean Gasteizen, Arabako Batzar Nagusietan egindako agerraldian.

Aiarako Hogeitalau elkarteko ordezkari Joseba Llano, Gasteizko Geu elkarteko kide Saioa Fernandez de Arangiz eta Euskaltzaleen Topaguneko Manuel Morenok Batzar Nagusien Euskara, Kultura eta Kirol batzordean egin dute agerraldia, Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdien aurrean.

Arabako euskaltzaleen elkarteen errealitatearen berri emateko baliatu dute agerraldia Topagunearen ordezkariek eta baita herrialdeko euskaltzale antolatuen guneek duten funtzioaren garrantzia azpimarratu eta babesteko ere. Izan ere, Arabako Foru Aldundiak bere hizkuntza politikan lurraldeko euskaldunei aitortzen dien funtzioaren gaineko kezka agertu dute Topaguneko kideek. Herritarrak hizkuntza normalizazioan subjektu aktibo dira eta foru erakundeak horrela har ditzan eskatu dute agerraldian; era berean, euskaltzale elkarteen eta erakunde publikoen arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu da.

Hizkuntza politika ausart eta koherentea aldarrikatu dute euskaltzaleen elkarteek, erabilera ardatz izango duena. Ildo horretan gertutasunak eta harreman sareek duten garrantzia azpimarratuz, horretan euskaltzale antolatuek duten funtzioaz gain, azken urteetan Araban zehar antolatu den euskara teknikari sarea babesteko eskaria egin dute.

Hizkuntza politika sendoa eta euskaltzaleen elkarteen funtzioen babesa eskatzeaz gain, bestelako eskariak egiteko ere baliatu dute Topaguneko kideek agerraldia. Arabako erakundeen elkarlan jarrera, hizkuntza politikak erakundeetan izan beharreko zeharlerro izaera eta diru-laguntza deialdiak duindu eta epeetan aurreratzeko eskaerak ere egin dira, baita Arabako Foru Aldundiko euskararen aholku batzordea biziberritzekoa ere. Arabako Euskaltzaleen Topagunea osatzen duten elkarteen prestutasuna agertu dute azkenik agerraldian, euskaldunon komunitatea zabaltzen eta sendotzeko politiketan akuilu eta bidaide izateko.

 

Agerraldiaren testua hemen irakurgai (pdf)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude