Topaguneak hitzarmena sinatuko du Berriarekin

Aste honetan Euskaltzaleen Topaguneak eta Berria egunkariak hitzarmena sinatuko dugu. Elkarlan horri esker, euskaltzaleen elkarteetako bazkideek eta mintzalagunek egunkariko harpidedun egitean abantaila berezia izango dute.

Helburua, mugimenduaren bueltan dauden lagunei euskaraz bizi ahal izateko tresnak eskaintzea da. Era berean, bazkide zein mintzalagunek euskararen alde egiten duten ahaleginari aitortza xumea egin nahi diogu, abantaila hau eskaini eta esker ona adieraziz. Gainera, Berriak, euskararen normalizazioa helburu izanik, egunetik egunera euskaraz bizitzeko hautua egiten duten irakurle berriak hurbiltzeko lanean dihardu sarean zein paperean eskaintzen duen euskarazko informazioaren bitartez.

Euskaraz bizitzeko hautua egiten dugun lagunok ezinbestekoa dugu hedabideak euskaraz kontsumitu ahal izatea. Zer esanik ez, komunitatean murgildu eta erabilera areagotzeko premia eta nahia duten mintzalagunen kasuan.Tokiko hedabideek aukera ezin hobea ematen digute gure herri edo eskualdeko informazioa jasotzeko, eta haren osagarri naturala da Berriak egiten duen lana, nazio mailako albisteekin. Horregatik, bazkide eta mintzalagunek harpide eginez gero Berria urtebetez %50eko deskontuarekin jasotzeko aukera izango dute. Hainbat harpidetza mota izango ditugu eskura, aste osokoa, astean zeharrekoa edo asteburukoa, besteak beste.

ARGIA aldizkariarekin ere ari gara elkarlana lantzen, eta horretan ere eskaintza berezia izango dute bazkide eta mintzalagunek. Azkenik, GAZTEZULO aldizkariak mintzalagun gazteei zuzendutako eskaintza jarriko du abian.

Laster emango dizuegu abantaila horiei buruzko informazio zehatzagoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude