Izen berria, erronka berriak

Topaguneko kideek gizarte mugimendu modura artikulatzen jarraitzeko kohesioan eta gizarte eraginean lehentasunak jartzea erabaki zuten larunbatean, Durangon egindako Batzar Nagusian. Horrela, beste hainbat neurriren artean, federazioaren izena bera aldatzea erabaki da; aurrerantzean Euskaltzaleen Topagunea izena izango du Euskal Herriko euskaltzaleak batzen dituen mugimenduak. Topaguneak bere jardueraren muinean jarri du euskaltzaleak aktibatzea eta gizarte mugimenduan antolatzeko eginkizuna.

Izan ere, 2012 urtean hiru urteko hausnarketaldia amaitu dute Topaguneko kideek. Azken urteotako gogoetarekin hasitako eraldaketan sakontzen jarraitzeko urtea izaten ari da 2013 urtea, Topaguneko ordezkarien hitzetan, eta batzarrari aurkeztutako Kudeaketa Planak kohesioan, transmisioan, gizarte eraginean eta motibazioaren lanketan jasotzen ditu erronka nagusiak.

Oinarri sendoak, erronka berriak

Urtearen balorazioa egiterakoan, 2012ko azaroan Bilbon egindako Topagunearen Bigarren Kongresua azpimarratu du Mikel Irizar presidenteak. “Federaziotik Mugimendura” izenburupean egindako Kongresuarekin gogoeta garaia itxi eta ekintzetan sakontzeko garaiari ekitea ekarri duela nabarmendu du. Urteak, edonola, gogoetatik harantzago ere asko eman du: Topagunearen ekimenez euskarazko tokiko hedabideek osatzen duten TOKIKOMen sorrera, batetik, eta mugimenduaren kohesioan sakontzeko urtean zehar martxan jarri diren ekimenak, bestetik. Sentsibilizazioaren arloan azken urteetan Topaguneak izan duen jardueraren garapena ere nabarmendu egin da.

Ildo beretik, 2013. urteko Kudeaketa Planean jasotako helburu eta jarduera nagusiak aurkeztu dituzte Topaguneko ordezkariek eta batzarrak onartu egin ditu. Horrela, 2012an garatutako lan ildoez gain, euskaltzaleen ekimen eta eragina handitu, mugimenduaren transmisio eta barne formazioan inbertitu eta Topaguneak abian dituen jarduerei eutsiz, bere eragina areagotzea izango dira mugimenduaren urteko erronka nagusiak. Era berean, erakundearen erronka izango da aipatutako apustu guztiei heldu ahal izatea, egoera ekonomikoaren zailtasunak gaindituz. Testuinguru ekonomiko ezegonkor honetan, gizarte ekimenaren garrantzia inoiz baino handiagoa dela nabarmendu da batzarrean eta babesa areagotzeko eskaria egin die mugimenduak herritar eta erakundeei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude