Euskara Elkarteak urte bukaerarako ekintza bateratua lantzen ari gara

Lehengo larunbatean, urtarrilak 26, Bizkaiko Euskara Elkarteen Topaketak izan ziren Bilboko La Bolsa aretoan. Bizkaiko eskualde gehienetako elkarteak izan ziren bertan, hala nola Berbaro, Egizu, Bizarra Lepoan, Berbots, Zenbat Gara, Bai Esan, Totoan eta abar.

Bizkaiko Euskara Elkarteen Topaketak

Goiz osoa iraun zuen topaketan, elkarteetako kideek urte bukaeran ekintza bateratu bat egiteko asmoa berretsi zuten. Elkarteen arteko kohesioa bultzatu eta plaza hartzeko ilusioa nabarmendu daitezke ekintza oraindik garatu gabeko horren oinarrian. Era berean, Euskarabila (Basauri) eta Berbaro (Durango) elkarteetako kideek azken aldian landu dituzten egitasmoen berri eman zieten gainontzeko euskara elkarteetako kideei: “Basaurin be bagara” eta “Euskarak 365 egun”, hurrenez hurren.

Baina ekintza bateratu hori (izan jai, aldarrikapen edo dena delakoa), Bizkaiatik Euskal Herri osora zabaldu lezake mugimenduak. Horretarako, gainontzeko herrialdeetan ere topaketak izango dira hilabete honetan. Bizkaitarrek hasitako bideari jarraipena emango diote, denen artean mugimendua plazara aterako duen egitasmo hori irudikatzeko. Hona hemen egutegia:

* Arabako Euskara Elkarteen Topaketak: Otsailaren 16an, larunbata, Gasteizko Amaia zentroan (10:00-13:00).

* Gipuzkoak Euskara Elkarteen Topaketak: Otsailaren 22an, ostirala, Andoaineko Topagunearen egoitzan (goizez).

* Nafarroako Euskara Elkarteen Topaketak: Martxoaren 2an, larunbata, Atarrabian.

Segi amets egiten!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude