IRUDIENEA, sortzaileak eta zaleak batu dituen gunea

Bukatu da Durangoko Azoka, eta bukatu da Irudienea. Lau egun luzetan asko dira ikus-entzunezkoen gunetik pasa diren lanak, are gehiago bertan une atsegin bat eta hainbat sorpresa izan dituzten ikusleak.

Lehen egunean ume eta gaztetxoz bete zitzaigun aretoa, Zinema Euskaraz-eko marrazki bizidunetako filmak ikusteko. Baina unerik magikoena, zalantzarik gabe, bikoizketa tailerrekoa izan zen. Shin Chan eta Doraemoneko euskarazko ahotsa jartzen duten lagunak izan ziren bertan, eta umeek ere izan zuten bikoizketa lantzeko aukera. Zenbat Shin Chan, Erraldoi eta Sisuka.

IRUDIENEA 2012

Bigarren egunean, 3D proiekzioak izan genituen. Betaurreko nahikorik ez, horrenbeste begi kuxkuxerorentzat. Eta zer esan Gazta Zati Bat-en proiekzioari buruz. Aretoa txiki geratu zen, eta atea itxi behar izan genuen. Ia kalean utzi genituen Jon Maia eta Angel Oiarbide ere!

Larunbatean, berriz, film laburren goiza izan zen. Sortzaileak izan genituen gure artean, euren lanak aurkezten. Eguerdian, Bertsolari DVDa aurkeztu zuten Asier Altunak eta Miren Amurizak. Gabonetarako opari polita, Euskal Herrian zein kanpoan bizi direnentzat. Dokumentaletik dokumentalera, Barrura Begiratzeko Leihoak aurkeztera etorri zen Txaber Larreategi zuzendaria, egunari amaiera sakona emanez.

Bata bestearen atzetik joan ziren egunak, igandea heldu arte. “Bikoizketa Vs azpitituluak” izeneko mahaingurua izan genuen, Marian Galarraga (bikoizlea), Ane Muñoz (zinema zuzendaria), Luistxo Fernandez (azpitituluak.com) eta Iñako Gurrutxagarekin (ETB3). Ardien artzain, Argiako Mikel Garcia izan zen. Bertan egoteko aukerarik izan ez eta gogoz geratu zaretenok, adi ibili! Hurrengo Argian izango duzue mahainguruaren laburpena. Ostean, “Euskara Jendea” dokumental sortaren aurkezpena egin zuten Ibaizabal-Mendebalde eta Zenbat Gara elkarteetako lagunek (argazkian).

Baina lau parrafotan ezin azaldu bertan bizitako guztia. Bideoklipak, Mendifilm, ijitoen filma, Euskara Jendea, Munich, Arrasate 1936, nobedadeen aurkezpenak… Datorren urtean berriz bertan batzeko aukera izango dugulakoan, azokan erositako liburu eta disko guztiak irakurri eta entzuteko ordua da orain! Guk lanean jarraituko dugu, ikus-entzunezkoetako sortzaile eta zaleentzako ahalik eta elkargunerik onena egiteko.

On egin!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude