Udagoieneko Ostera, aste honetan Bilbon, Igorren eta Leioan

 

Udagoieneko Ostera kultur zirkuitua aurrera doa, eta aste honetan hiru ikuskizun izango ditugu Bizkaiko beste hainbeste txokotan. Orain arte, Elorrion (Errimak Oinetan) eta Zallan (Benito Lertxundi) izan ditugu emanaldiak, eta zirkuitua azaroaren 30era arte luzatuko da.

Esan bezala, aste honetan hiru ikuskizun izango ditugu: Betagarri Bilboko Kafe Antzokian, Lingua Nabajorum antzezlana Igorren eta Ruper Ordorika Leioan. Datorren astean, berriz, Hil arte Bizi antzezlana izango dugu Muskizen. Hemen daukazue informazioa:

UDAGOIENEKO OSTERA. Betagarri

1.- Azaroaren 22an, osteguna. Bilboko Kafe Antzokian, 21:30ean. Sarrera 8€ aldez aurretik, 10€ egunean bertan

  • BETAGARRI: Gasteizko musika taldeak 20 urte daramatza Euskal Herriko plazetan. Oraingoan disko berriarekin helduko da Bilboko Kafe Antzokira, “Zorion argiak” izenburupean, aurkeztu baino bi egun lehenago. 23 abesti, rock, ska eta reggae doinuekin. Diskoan zenbait gonbidaturen laguntza izan dute, Pirritx eta Porrotx, Mikel Urdagarin edo Garirena, esaterako. Sarrerak hemen.

 2.- Azaroaren 23an, ostirala. Igorreko Lasarte Aretoan, 20:00etan. Sarrera 6€

  • LINGUA NABAJORUM: “Euskararen Historia bi Txoriburuk Kontatua” (Mikel Martinez, Patxo Telleria). Teoria liluragarri bat defenditzen dute: Herri honetan gertatu den gatazka bakoitzari hizkuntzaren aldaketa bat dagokio. Hasieran, gure Herria paradisu bat zen, non bikote bakar bat bizi zen. Mundu estatiko eta baketsua zen, eta nahikoa ziren onomatopeiak, inguruko animaliak eta agerraldi naturalak deskribatzeko. Semealaben etorrerarekin sortu zen Euskal Gatazka, orain arte iraun duen fenomenoa.

 3.- Azaroaren 24an, larunbata. Leioako Kultur Leioan, 21:00etan. Sarrera 10€

  • RUPER ORDORIKA: “Hodeien azpian” eta sasien gainean, Ruper Ordorikak bere azken diskoa plazaratuko digu. Hitzen xalotasuna eta benetakotasuna, sinbolismotik eta soberazko lirismo edota nostalgiatik urrun; doinu, sonoritate eta kantaeraren giro egokia eta gardentasuna; poesia eta kantua, kantua eta poesia, sentsibilitate handiz eta indarrez, ederki uztartuak…

 4.- Azaroaren 30ean, ostirala. Muskizko Meatzari aretoan, 20:00etan. Sarrera 6€

  • HIL ARTE BIZI: Antzezlan hau adiskidetasunaren mugen inguruan egiten den hausnarketa bat da. Nacho, Angel eta Maria. Bi gizon eta emakume bat eta jakina… gutxienez pare bat maitasun istorio. Hiru lagun, betiko lagunak, betirako lagunak… edo ez. Hil arte bizi heriotzaz hitz egiten duen komedia eta adiskidetasunaz jardungo den tragedia da. Bizitzeko gogoaz ari den tragikomedia.

Ikuskizunetarako sarrerak BBKren orotariko kutxazainetan, Kafe Antzokiko webgunean (Betagarriren sarrerak eskuratzeko) zein aretoan bertan erosi ditzakezue. Osteguneko kontzertuaren aurrerapen bat nahi? Hemen Betagarriren disko berriko “Zorion argiak” abestia! Eta zergatik ez, Ruperren ale bat ere uzten dizuegu, “Mundua biltzen duen oihartzuna”.

… Astero ostera hastera!

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude