IRUDIENEA, Durangoko Azokako ikus-entzunezkoen gunea

Urtero bezala, abenduarekin batera helduko da Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka. 47. IRUDIENEAedizioa izango da aurtengoa, eta urteak aurrera joan ahala, euskal kulturaren alor berriei ere ireki dizkie ateak azokak. Euskal kulturaren plaza bihurtzeraino, hain zuzen.

Jakingo duzuen bezala, iaz IRUDIENEA gunea zabaldu genuen Gerediaga elkarteak eta Topaguneak, ikus-entzunezkoen gunea. Gaur egun, alor honetako euskal sortzunkaren berri izateko dauden erakustoki bakar horietakoa da Irudienea. Esate baterako, film laburrei dagokienez, ohiko zirkuitu murritzetatik kanpo ia ez dago mugimendurik. Horregatik jarri genuen martxan Laburbira, eta horregatik ekin genion iaz Irudienea martxan jartzeari. Bide horretatik, hiru dira gunearen helburuak: batetik, ikus-entzunezkoetako euskarazko sortzaileen lanak ezagutaraztea; bestetik, sortzaile horiek ikusleekin harremanetan jartzea, zuzeneko aurkezpenen bidez; eta azkenik, urteko nobedadeen berri ematea.

Durangoko Azoka abenduaren 6tik 9ra egongo da zabalik, eta IRUDIENEAk ordutegi berdina izango du: goizeko 10:00etatik gaueko 20:00etara. Landako erakustazokan bertan egongo da gunea, Areto Nagusiaren ondoan. Film laburrak, luzeak, dokumentalak, “Bikoizketa Vs azpitituluak” mahaingurua, nobedadeen aurkezpenak, 3Dko proiekzioak, kultura gonbidatuaren filma, Zinema Euskaraz eta abar izango ditugu. Egitarau zehatzagoa, azokaren webgunean aurkitu dezakezue, baita azokan bertan ere.

Baina Irudienea ez da azokan izango dugun gune bakarra. BERBARO elkarteko lagunek SAGUGANBARA antolatu dute berriz ere, “Txikien eta Handien gunea”. Eta bi gune hauekin batera, AHOTSENEA sortzaileen gunea, KABIA euskara eta teknologia berriak uztartzen dituen gunea, SZENATOKIA arte eszenikoen gunea, ARETO NAGUSIA hitzaren gunea eta PLATERUENAko emanaldiak izango ditugu.

Abenduaren 6tik 9ra, hurbildu Durangoko Azokara, eta Irudienea gunean izango gaituzue zuen zain! Euskarazko sorkuntzan kalitatezko lan asko dago, eta ziur egon harrituko zaretela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude