Formazio eskaintza interesgarria mugimenduarentzat

Topagunearentzat eta euskara elkarteen mugimenduarentzat elikadurak eta formazioak garrantzia handia izango dute hurrengo urteetan, orain arte izan duena baino garrantzia gehiago. Nabarmena izan da behar horren gainean Topagunean egin ditugun bi gogoeta prozesuetan agertu den beharra: Oinarriparretan eta Eraldabideetan lehentasunezko atal modura identifikatu dira elikadurari lotutako guztiak. 

Bi proposamen zehatzekin gatozkizue oraingoan, bat laburragoa eta bestea sakonagoa, hurrengo hilabeteetarako. Bi eskaintzen berri ematea dugu helburua lerro hauetan eta xehetasun gehiago loturatako dokumentuetan aurkituko dituzue.

 

Garenaren eta egiten dugunaren kontzientziaz ikastaroa

Lehenengo eskaintza hiru egunetako ikastaro trinkoa da, nagusiki euskara elkarteetako langileei zuzenduta (zuzendaritzetan eta talde eragileetan dabiltzan boluntarioek ere parte hartzeko aukera dute). Hiru egunetan euskara elkarteen jardueraren gaineko azterketa sakona egin nahi da, tresnak emanez, egiten den horri balio erantsia emateko.

Ondoko helburuak jarri zaizkio ikastaroari:

  • Elkarteetan egiten dugunari buruzko gogoeta bideratzeko, konpartitzeko, irizpide teorikoak eskaini: soziolingustikaz eta gizarte mugimenduez.
  • Elkarteetan darabilgun aitzindaritza-ereduaz gogoeta egin.
  • Mugimendu beraren partaide izatearen kontzientzia landu ikaskideon artean.
  • Elkarteen arteko hartu-emanetan sakontzen jarraitzeko bidea landu.
  • 2013an bideratuko dugun aditu-titulura jendea erakartzeko jakinmina piztu.

Ikastaro honen lehen saio bat iazko udazkenean egin zen eta oso ondo baloratu zen bertan parte hartu zuten guztien aldetik.

Egunak: Azaroaren 26, 27 eta 28a

Non: Eskoriatzan, HUHEZI fakultatean

Matrikula prezioa: 30 euro

Inforamazio gehiago (programa): hemen (pdf)

 

Topagunea jazten aditu-titulua

Bigarren eskaintza hau askoz ere sakonagoa da, edukiz sakonagoa eta iraupenez zein dedikazioz luzeagoa. Aditu-titulu hau elkarteetako zuzendaritzakide, boluntario eta langileei zuzenduta dago, sei hilabetetan zehar gauzatuko da eta astero arratsalde bateko dedikazioa eskatuko du.

Edukiei dagokionez lau ardatz izango ditu: euskararen gizarte mugimenduen historia, Topagunea eta euskara elkarteen mugimendua, hizkuntzen biziberritze prozesuak (soziolinguistikatik) eta gizarte mugimenduen izaera zein egitekoak. Lau atal hauetan bost hilabetetan zehar aurrez aurreko saioak, tutoretza eta lanekin osatuko dira, eta formazioa proiektu batekin bukatuko du ikasle bakoitzak. 

Ondoko helburuak jarri zaizkio aditu tituluari:

  • Euskararen gizarte mugimenduan eragiteko edukiez eta baliabideez jabetzea
  • Taldetasuna indartzea eta elkarrengandik ikastea.
  • Proiektuak bideratzea, ahal dela udaletako euskara-zerbitzuekiko lankidetzan
  • Topagunean eta Tokikomen bildutako jakintzari erresonantzia-kutxa jartzea
  • Elkarteetan eta hedabideen bitartez formazioa bideratzeko irakasleak sortzea
2013ko urtarrila eta ekaina artean gauzatuko da, aurrez aurreko saioak Eskoriatzan egingo dira eta gutxienez 20 ikasle (eta gehienez 40) beharko dira.
Aditu-tituluari buruzko beste hainbat xehetasun: ondoko loturan (pdf)
Bi eskaintza hauen gaineko informazio gehigarria nahi baduzue, edo izena emateko: iker[abildua]topagunea.org edo 946215780 (Iker)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude