Federaziotik mugimendurako urratsa emango du Topaguneak azaroaren 17an

Azaroaren 17an Bilboko Euskalduna Jauregian egingo du Topaguneak bigarren Kongresua. Zuzendaritza Batzordeak proposatutako eraldabideen gainean jaso den adostasuna oso handia izan da eta beraz, azaroaren 17an, Topagunea osatzen dugun lagun eta elkarte guztiok federaziotik mugimendurako lehen urrats garrantzitsua emango dugu.

Izen-ematea zabalik dago eta datorren azaroaren 12an itxiko da. Ondoko loturan egin dezakezue: http://kongresua.topagunea.org/federaziotik-mugimendura/izen-ematea

Harrera 9,30etatik aurrera egingo da eta Kongresuaren ekitaldia bera goizeko 10etan hasiko da, Euskalduna Jauregiko A3 aretoan. Ekitaldiak bi zati izango ditu, eta goizeko 10etatik eguerdiko 13,30etarartekoa izatea aurreikusi da.

 

Eztabaida eta onarpena

Lehen zatiak urrian zehar elkarteetan eztabaidagai izandako proposamena izango du aztergai. Bazkideen iritziak jaso ondoren hurrengo urteetarako lehentasunezkoak izango diren eraldabideak aurkeztu eta horien gainean egondako iritzi ezberdinak agertu nahi dira, etorkizunean eraldabide nagusiek hartu beharreko norabidearen gainean hausnarketa bultzatzeko. Elkarteetako ordezkarien parte hartze zabala aurreikusi da lehen zati honetarako, proposamenen gainean egon diren iritzi eta ikuspegi ezberdinak agertzea nahi dugu eta.

Aurkezpen orokorra eta iritzi orokorrak jasotzeaz gain, bost ardatzetako bakoitzean geldituko dugu begirada, bost ardatzetako bakoitzak hurrengo urteetako Kudeaketa Planetan nola eragingo duen aztertzeko.

Azkenik, prozesuaren ondorio txostenari onarpena ematea proposatuko du Zuzendaritza Batzordeak.

 

Oinarriak eta etorkizuna

Ekitaldiaren bigarren zatian berriz, mugimendu honek azken hiru urteetan izandako gogoeta prozesu sakonari bukaera emango diogu. Euskaldunon Elkarteen Oinarriparrak eta Eraldabideak: Federaziotik Mugimendura dokumentuetan islatu dira Topagunearen eta mugimendu osoaren hurrengo urteetako eginkizunak eta horren laburpena egin nahi genuke ekitaldi honetan ere.

Era berean, Jose M. Sanchez Carrión “Txepetx”ek Un futuro para nuestro pasado argitaratu zuenetik 25 urte betetzen direla gogoratuz, euskara elkarteentzako erreferentzia izan den “Txepetx”en obra ere gogoan hartuko dugu ekitaldian.

 

Eguerdian bazkaria Kafe Antzokian izango da eta bertan izena emateko aukera ere zabalik dago.

Esan bezala, Kongresuan izen-ematea datorren astean, azaroaren 12an itxiko dugu. Izena-ematea lehenbailehen egin, mesedez, bazkarirako lekua aurreikusteko.

Gogoeta prozesu sakonari bukaera emateko egun polit bat izango denaren ziurtasuna dugu eta beraz, danok gaude gonbidatuta!

 

Iazko kongresuaren kronika

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude