Benito Lertxundi Zallan, Udagoieneko Osteraren bigarren geltokia

Ostiral honetan, azaroak 16, Benito Lertxundik “Oroimenaren oraina” diskoa aurkeztuko du Zallako Zine Antzokian. Gaueko 20:00etan izango da kontzertua, eta sarrerak (12€)  BBKren orotariko kutxazainetan, internet bidez zein aretoan bertan eros daitezke.

Jakingo duzuen bezala,  Udagoieneko Ostera kultur zirkuitua azaroaren hasieran abiatu zen, Elorrion, Errimak Oinetan dantza eta bertso ikuskizunarekin. Benito Lertxundiren kontzertua bigarren geltokia izango da zirkuituan, baina beste lau emanaldi ere izango ditugu azaroa amaitu orduko. Hona hemen:

UDAGOIENEKO OSTERA. Benito Lertxundi

1.- Azaroaren 22an, osteguna. Bilboko Kafe Antzokian, 21:30ean. Sarrera 8€ aldez aurretik, 10€ egunean bertan

  • BETAGARRI: Gasteizko musika taldeak 20 urte daramatza Euskal Herriko plazetan. Oraingoan disko berriarekin helduko da Bilboko Kafe Antzokira, “Zorion argiak” izenburupean, kaleratu baino bi egun lehenago. 23 abesti, rock, ska eta reggae doinuekin. Diskoan zenbait gonbidaturen laguntza izan dute, Pirritx eta Porrotx, Mikel Urdagarin edo Garirena, esaterako. Sarrerak hemen.

 2.- Azaroaren 23an, ostirala. Igorreko Lasarte Aretoan, 20:00etan. Sarrera 6€

  • LINGUA NABAJORUM: “Euskararen Historia bi Txoriburuk Kontatua” (Mikel Martinez, Patxo Telleria). Teoria liluragarri bat defenditzen dute: Herri honetan gertatu den gatazka bakoitzari hizkuntzaren aldaketa bat dagokio. Hasieran, gure Herria paradisu bat zen, non bikote bakar bat bizi zen. Mundu estatiko eta baketsua zen, eta nahikoa ziren onomatopeiak, inguruko animaliak eta agerraldi naturalak deskribatzeko. Semealaben etorrerarekin sortu zen Euskal Gatazka, orain arte iraun duen fenomenoa.

 3.- Azaroaren 24an, larunbata. Leioako Kultur Leioan, 21:00etan. Sarrera 10€

  • RUPER ORDORIKA: “Hodeien azpian” eta sasien gainean, Ruper Ordorikak bere azken diskoa plazaratuko digu. Hitzen xalotasuna eta benetakotasuna, sinbolismotik eta soberazko lirismo edota nostalgiatik urrun; doinu, sonoritate eta kantaeraren giro egokia eta gardentasuna; poesia eta kantua, kantua eta poesia, sentsibilitate handiz eta indarrez, ederki uztartuak…

 4.- Azaroaren 30ean, ostirala. Muskizko Meatzari aretoan, 20:00etan. Sarrera 6€

  • HIL ARTE BIZI: Antzezlan hau adiskidetasunaren mugen inguruan egiten den hausnarketa bat da. Nacho, Angel eta Maria. Bi gizon eta emakume bat eta jakina… gutxienez pare bat maitasun istorio. Hiru lagun, betiko lagunak, betirako lagunak… edo ez. Hil arte bizi heriotzaz hitz egiten duen komedia eta adiskidetasunaz jardungo den tragedia da. Bizitzeko gogoaz ari den tragikomedia.

 

Ikuskizun guztietarako sarrerak salgai daude dagoeneko. Benito Lertxundiren kontzertura joan nahi baduzue, arin ibili, sarrerak bukatzen ari dira eta! “Oroimenaren oraina” disko berriko Laket dut abestia entzun dezakezue hemen.

Bizkaia maite

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude