Lau begiratu euskararen norabideari, AEDk antolatutako hitzaldi zikloan

Arrasateko AED euskara elkarteak antolatuta, “Lau begiratu euskararen norabideari” hitzaldi zikloa egingo da udazkenean. Lorea Agirre kazetari eta Huheziko “Sorguneak” taldeko kidea izango da lehenengo gonbidatua, irailaren 25ean. “Nor izateko” hitzaldia eskainiko du, arratsaldeko 7etatik aurrera, Kultur ateko Jokin Zaitegi aretoan. Ondoren, Pako Aristik, Jon Sarasuak eta Kike Amonarrizek hartuko dute lekukoa, urrian, azaroan eta abenduan, hurrenez hurren.

 

Pako Aristi kazetari eta idazlea urriaren 23an hurbilduko da Kultur atera, “Euskara, hizkuntza bat bere bakardadean” hizpide hartuta.

Azaroaren 28an, berriz, Jon Sarasua polifazetikoa izango dugu hizlari, “Norabideari buruz dozena bat gogoeta” eskaintzeko.

Kike Amonarrizen txanda abenduaren 13an iritsiko da. Telebista gizon eta soziolinguista tolosarrak “XXI. mendeko euskaldunak: nola ari diren aldatzen gauzak, kamarada” kontatuko digu, tonu umoretsu eta baikorrean, seguru.

Horixe bada, AEDren gonbitea, Arrasatetik. Saio guztiak ordu eta toki berean izango dira: arratsaldeko 7etan, Kultur ateko Jokin zaitegi aretoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude