Federaziotik Mugimendura; azaroaren 17an amaituko dugu euskara elkarteen hausnarketa prozesua

Uztailean aurreratu modura, udazkena izango da Oinarriparrekin abiatu genuen hausnarketa bukatzeko aukeratutako garaia. Izan ere, Euskaldunon Elkarteen Mugimenduaren etorkizunaz egindako lehen gogoeta hark, antolakuntzari eta jarduerari lotutako beste atal osagarri batzuk falta zituen eta mugimenduaren dinamikan eragiteko garrantzitsuak diren atalak dira.

Gogoetaren egutegi aurrerapena egin genizuen uztailean, baita gai nagusien xehetzea ere. Oraingoan, egutegian egondako aldaketa txikien berri eman nahi genizueke, metodologiaren gaineko ohar batzuk gaineratuz.

Aurrekoan aipatu genuen jadanik, eta garrantzitsua iruditzen zaigu azpimarratzea: Topagunea osatzen duten elkarte guztiei gonbidapen zabala egiten dizuegu gogoeta prozesuan parte hartzeko; izan ere, hiru hilabete hauetan zehazten diren lan-lerroak, jokamoldeak eta lehentasunak izango baitira hurrengo urteetarako Topagunearen eta mugimendu osoaren artikulazioaren gidalerroak. Horregatik, egutegia kontuan hartu eta zuen elkarteko bileren egutegian gaia txertatzeko eskatu nahi dizuegu.

Gogora ditzagun beraz, gogoetari buruzko xehetasunak, horietako zenbait aurretik ere aipatu ditugun arren.

Bost ardatz

Eztabaida hiru gairen inguruan antolatuko zela aurreratu genuen uda aurretik eta hiruron gaineko xehetasunak eman genituen. Azken hilabete eta erdian Zuzendaritza Batzordeak landu ditu gaiak eta bost ardatzetara ekarri ditu adostasunerako proposatuko diren eraldabideak, mugimenduaren zutabe izango diren bost ardatzak. Zutabe bakoitzerako eraldabideak antolatzea izango da hiru hilabeteetako lana, izan ere, horixe baita erabaki nahi dena, federaziotik mugimendurako urrats horretan ardatz bakoitzean egin beharrekoak egiteko eraldabideak zeintzuk diren. Adostasun zabaleko eraldabideak identifikatuta, Topagunearentzat lan ardatzak zehaztuko dira horrela.

Ondokoak dira proposatu diren bost ardatzak:

1.- Izena eta Izana

2.- Jardunbidea

3.- Finantzazioa

4.- Barne komunikazioa eta elikadura

5.- Antolaketa eta barne lidergoa

 

Prozesua

Proposatutako eraldabideen gaineko adostasun maila da prozesu honetan neurtu eta eztabaidatu nahi dena. Lehenago aipatu moduan, Topaguneko Zuzendaritza Batzordeak hainbat eraldabide proposatuko ditu, abiapuntu modura, bazkideen eztabaida prozesuan eraldabide bakoitzaren gaineko adostasuna aztertu eta azarotik aurrera, adostasun garrantzitsuarekin onartzen direnei ekingo zaie.

Irailaren bukaerarako prest izango da dokumentu nagusia beraz, Topaguneko Zuzendaritza Batzordean landu eta prestatutakoa. Dokumentu honen helburua da, bertan egiten diren galdera guztiekiko (galdera bakoitzarekiko) elkarte guztien adostasun-ezadostasuna jasotzea. Horrekin batera, eztabaida sortu eta gai zehatzetan sakontzeko baliagarriak izan daitezkeen dokumentuak ere zabaldu ahal izango dira, zuzendaritzak egoki baloratuz gero.

Urriaren 1ean abiatuko da berriz Topaguneko bazkide guztien arteko eztabaida (eta datetan erreparatu, uztailean bidalitako datekiko aldaketak daude eta):

Urriak 1: Eztabaidarako dokumentua zabalduko da

Urriak 1etik 4ra: Bazkideei aurkezpenak

  • Urriak 1, astelehena: Elgoibarren (arratsaldeko 6etan, Kultur Etxean)

  • Urriak 2, asteartea: Atarrabian (arratsaldeko 6etan Topagunearen egoitzan) eta Gasteizen arratsaldeko 6etan, lekua zehazteke)

  • Urriak 3, asteazkena: Andoainen (arratsaldeko 6etan, Topagunearen egoitzan)

  • Urriak 4, osteguna: Bilbon (arratsaldeko 6etan, La Bolsa gizarte etxean)

Urrian zehar euskara elkarteek dokumentua aztertu, eraldabide proposamenak eztabaidatu eta Topagunera iritzia helarazi ahal izango dute. Elkarteen agendetan hilabete honetan tartea gordetzea eskatu nahi dizuegu, herriz herri, elkarte bakoitzak, proposamena aztertu eta erantzuna eman dezan. Bi data kontuan hartu beharko lirateke:

Urriak 20, larunbata: Mintegi zabala antolatuko da, oraindik zehaztu ez den lekuan, elkarte guztietako ordezkariek elkarren artean hausnartu eta eztabaidatu ahal izateko.

Urriak 29, astelehena: Eraldabide proposamenen gaineko iritzia Topagunera bidaltzeko azken eguna izango da. Iritzi biltze hau idatziz egingo da eta proposatzen denaren gainean elkarte bakoitzak duen adostasun maila jasoko da. Garrantzitsua izango da elkarte guztien iritziak jasotzea, jasotzen diren erantzun guztiak kontuan hartuta erabakiko baita zein jardunbide izango ditugun hurrengo urteetako Kudeaketa Planetako lehentasunen artean. Dokumentuan galdera zehatzak egingo dira adostasun-ezadostasun horiek neurtzeko. Adostasuna dauden kasuetan aurrera joko da, eta adostasun zabala ez duten puntuak, ez dira azaroak 17ko saioan onartzeko proposatuko.

Bitartean, interneten, Topagunearen webgunean, sareko eztabaidagune bat martxan jarriko da gaika proposamenen gainean eztabaidatu ahal izateko.

Azaroaren lehen astean (azaroaren 7rako), hausnarketan jasotako erantzunak baloratu eta Zuzendaritza Batzordeak behin betiko proposamena egingo du, azaroaren 17an adostasunez erabakitzea proposatuko diren eraldabideen zerrenda.

Bilkura Nagusia

Azaroaren 17an ospatuko dugu bilkura nagusia, Bilbon. Egun horretan euskaldunon elkarte guztietako ordezkaritza bildu nahi genuke, mugimenduaren etorkizuneko antolaketa, jarduna eta finantzaketaren gainean erabakiak hartzeko, ahalik eta adostasun handienarekin etorkizuneko oinarri direnak erabakitzeko (adostasuna zabala dugun puntuen gaineko erabakiak hartzea proposatuko da horretarako). Honekin, hausnarketa ziklo bat itxiko dugu gainera, 2010ean abiatutako Kongresuari bukaera emango diogu.

Badugu lana, baina ahaleginak merezi duelakoan gaude, mugimenduak behar duen bultzada emateko oinarriak jartzea baitugu helburu.

Animo eta laster arte!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude