Federaziotik Mugimendura; Kongresuari bukaera emango diogu udazkenean

Uda giroan bete-betean sartuta gaudela jakinik, udazkenerako agenda egiten hastea proposatuko dizuegu. Garai hauetan burua beste gauza batzuetan izan ohi dugu, baina udazkenean datorkigun gogoeta interesgarriaren egutegia kontuan hartzeko tartetxo bat hartzea proposatu nahi dizuegu.

Euskaldunon Elkarteen Oinarriparrak 2011 urtean onartu genituen eta orduan esan genuen, hausnarketa garrantzitsuak gelditzen zitzaizkigula oraindik egiteko Kongresuaren bigarren fase batean: euskaldunon elkarteen eta Topagunearen antolaketaren, finantzazioaren eta jardunaren gainekoak.

Bada, Topaguneko Zuzendaritza Batzordeak, Gogoeta-Ekintza taldeak eta lantaldeak ekin die hausnarketa horiei eta uda-ondoko hilabeteetan mugimenduko kide guztiei zabaldu nahi die. Hurrengo lerroetan hausnarketaren xehetasunak eta egutegia helarazi nahi dizkizuegu, zuen agendetan kontuan hartuko dituzuelakoan.

 

Hiru gai nagusi

Gai asko lantzeko diren arren, hiru gaitan bateratu dira landu nahi direnak:

Antolaketa: Mugimenduaren antolaketaz arituko gara eta aztergai ezberdinak proposatuko dira: mugimenduaren izena eta izana, mugimenduaren barne egituraketa, Oinarriparretan zehazten ziren aitzindaritzen artikulazioa, barne komunikazioa, bazkideekiko harremana, boluntarioen artikulazioa eta funtzioa, lan boluntario eta profesionalaren uztarketa eta transmisioa zein mugimenduaren elikadura, besteak beste.

 Finantzazioa: Elkarteen eta mugimenduaren finantzazioa izango da aztergai, finantzazio horren hiru ardatzetan arreta jarriz: komunitatearen sostengua (bazkidetza kuotak eta bestelakoak), zerbitzugintza eta babes instituzionala.
 

Jarduna: Euskaldunon Elkarteen Oinarriparretan adostutako lehentasun eta funtzioen baitan mugimenduaren jardun-ildoen gaineko hausnarketa.

 

Prozesua abiatuta

mintegia_2Hausnarketarako dokumentuen lehen proposamena osatzen ari dira jadanik. Ekainean eta uztailean bi mintegi egin dituzte Topaguneko Zuzendaritza Batzordeko, Gogoeta-Ekintza Taldeko eta lantaldeko kideek eta horiek izango dira ondoko proposamenerako oinarriak. Irailaren 15erako onartuko ditu Zuzendaritza Batzordeak eztabaidarako dokumentuok.

Irailaren bigarren hamabostaldian abiatuko da Topaguneko bazkide guztien arteko eztabaida. Ondoko datak dira irailean kontuan hartu beharrekoak:
 

Irailak 17: Eztabaidarako dokumentuak zabalduko dira
 

Irailak 19tik 27ra: Bazkideei aurkezpenak

  • Irailak 19: Gasteizen aurkezpena
  • Irailak 24: Atarrabian eta Bilbon aurkezpena
  • Irailak 25: Andoainen aurkezpena
  • Irailak 27: Elgoibarren aurkezpena

 

Urria eta azaroa izango dira proposamenen gainean eztabaidatzeko hilabeteak. Bi modutan egingo da hausnarketa hori.

Mintegiak: Bi mintegi aurreikusi dira, proposamenaren gaineko gogoeta egiteko: urriaren 6an eta urriaren 20an. Mintegi artean, hainbat elkarterekin berariazko lanketak egitea ere aurreikusten da gai batzuen gainean.

Internet: Sareko eztabaidagune bat martxan jarriko da gaika proposamenen gainean eztabaidatu ahal izateko.

Azaroaren lehen astean (azaroaren 7rako), hausnarketan jasotako ideia, ekarpen eta proposamen guztiak jaso eta Zuzendaritza Batzordeak behin betiko proposamena egingo du.

 

Bilkura Nagusia

Azaroaren 17an ospatuko dugu bilkura nagusia, Bilbon. Egun horretan euskaldunon elkarte guztietako ordezkaritza bildu nahi genuke, mugimenduaren etorkizuneko antolaketa, jarduna eta finantzaketaren gainean erabakiak hartzeko, ahalik eta adostasun handienarekin etorkizuneko oinarri direnak erabakitzeko (adostasuna zabala dugun puntuen gaineko erabakiak hartzea proposatuko da horretarako). Honekin, hausnarketa ziklo bat itxiko dugu gainera, 2010ean abiatutako Kongresuari bukaera emango diogu.

Udazken betea datorkigu; udan atseden hartu eta indarberritu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude