Gipuzkoako Foru Aldundiaren Migrazio eta Aniztasun departamenduaren diru laguntza lerro berria eta O

Joan den astean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Aniztasun eta Migrazio zuzendaritzak Gipuzkoako udalei zuzendutako diru laguntza lerro berri bat argitaratu du, udalen jatorri aniztasunari buruzko ikerketa, harrera programa eta prozesu parte hartzaileak, besteak beste, diruz laguntzeko. Topagunearen lehen ekarpen eta lorpena, laguntza lerro horretan euskararen gaia egoki jasoa izan dadin eragitea izan da. Horrez gain, harrera eta bizikidetza programa hauek euskara erdigunean izan dezaten eragin nahiko genuke eta euskaratik sortu eta eskainitako ahalik eta programa gehien aurkeztuak izan daitezen eragin.

Euskaratik urrun bizi diren herritarrak euskarara hurbiltzeko helburuarekin sortutako Auzoko egitasmoa hainbat herritan daukagu martxan eta deialdi honetan udalek berau aurkez dezaten ahaleginak egingo ditugu Topaguneatik. Ezagunak izango dituzue hizkuntza aniztasun egoerak kudeatzeko garatu ditugun bestelako egitasmo eta tresnak: Auzoko eskolatan, Hizkimizki, Lingolang… Horien berri izango duzulakoan, Onki Xin-en eskutik datorren azken programaren berri eman nahi dizugu honen bidez.

Onki Xin-ek etorri berrien oinarrizko informazio beharrei erantzuteko bokazioa du, beti ere, herri bizitzan murgiltzen laguntzeko eta bizikidetzarako bideak ireki eta zubi lanerako proposamen zehatzak eginez. Euskal Herriko herri gutxitan dago antolatuta etorri berrientzat harrera zerbitzua, kasu gehienetan gainera, erdaratan bakarrik jasotzen dute oinarrizko harrera, bertako kultura eta hizkuntza albo batera utzita. “Onki Xin” Euskal Herritik eta euskaratik eskaintzeko pentsatuta dago, beste hizkuntzei ere, ezinbestean leku egingo badie ere.

Onki Xin-ek hiru lan ardatz nagusi ditu:

  • etorri berriei oinarrizko informazioa eskaintzeko harrera bulegoa alde batetik,
  • bestetik herriko eragileekin osatutako harrera sarearen dinamizazioa
  • eta bukatzeko, herritarrez osatutako Onki Xin harrera taldeak, euskara ardatz hartuta bizikidetzari ekarpen interesgarria egiten diotenak. Azken ardatz hau bereziki euskara elkarteekin lankidetzan garatzeko pentsatuta dago, beraz, interesik izanez gero Topagunean prest izango gaituzu informazio osagarria eskaintzeko.

 

Gipuzkoako udaletako migrazio eta aniztasun departamenduetan programa hauen berri izan dezaten lan egin nahi dugu datozen asteotan, beraien plangintzatan kontuan hartu eta diru laguntza lerro honetan aurkeztuak izan daitezen ahal den heinean. Zuen Euskara Elkarteak antzeko egitasmoren bat martxan izanez gero, horren berri eman diezaguzun eskertuko genizueke, Topagunearen aldetik beste programarik aurkezten aritu ez gaitezen.

Udalekin harremanetan jarriko garen honetan, Auzoko edota Onki Xin egitasmoan interesa agertu ezkero, hurrengo urratsa Euskara Elkarteokin harremanetan jartzea da gure asmoa, egitasmook aurrera egingo badute Euskara Elkarteon parte hartzea izango baita zutabe nagusietako bat.

Zuen interesekoa izan daitekeelakoan, hemen klik eginda ikusiko duzue diru-laguntza deialdia.

Argibide gehiagorako Mikel Ozaitarekin hartu ahal duzu harremana Andoaingo bulegoan. (943 59 11 86)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude