Xirimiri taldeak irabazi du Kameratoia

Larunbat honetan, maiatzaren 26an, bukatu da KAMERATOIA, Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Rallya. Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan, 100 lagunetik gora bildu ginen parte hartzaileek lanak ikusi eta irabazleen izenak jakiteko.

Kameratoia 2012 - Irabazleak

 

Lehenengo saria (1.500€), Xirimiri taldeak jaso du, “Ondoezik” lanarengatik. Bigarren saria (1.200€), M-taldearentzat izan da, “Goitik behera” ikus-entzunezkoarekin. Eta hirugarren saria (900€), “Koproskilos eta Unai” taldeak lortu du, “Zuhaitzaren Eguna” film laburrarekin. Oier Plaza (bideogilea), Hibai Castro (dokumentalgilea) eta Rosa Martin Sabaris (EHUko irakaslea) izan dira aurtengo epaileak.

Lehiaketaren zortzigarren edizioa Gernika-Lumon izan da, eta 40 gazte inguruk hartu dute parte. Bost egunetan, 3 eta 8 minutuko ikus-entzunezkoak ekoiztu dituzte gazteek. “Goitik behera” izan da aurtengo gaia, eta herriko ezaugarri batzuekin osatu behar izan dituzte lanak.

Emanaldian, Benito Ansola Sarien berri izan zuten bertaratuek. Ikus-entzunezkoak ekoizteko 4.000€-ko bi sari banatuko dira, eta proiektuak aurkezteko epea zabalik dago jadanik.

Saria lortu edo ez, parte hartzaile guztien lanak dira ikusteko modukoak.

Hementxe duzue lehen saria eskuratu duen “Ondoezik” lana eta gainontzekoak, Kameratoia.com gunean aurkituko dituzue. Zorionak denoi!

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude