TOKIKOM notario aurrean eratuta, eta jardunaldiak prest

Irudia: GOIENA.NETJoan den ateartean elkartu ginen Eibarren TOKIKOM SLren eratze notariala egiteko. 18 elkartetako 44 ordezkari batzea ez da lan samurra izan, baina guztion ahaleginarekin lortu egin dugu eta tramite hori egun gutxiren buruan egongo da amaituta.

Kontu burokratikoak abiatuta, hurrengo zita garrantzitsua EKAINAREN 15ean dugu, TOKIKOM JARDUNALDIAn. Tokikoon zein gainontzeko hedabideon etorkizunaz eztabaidatuko dugu han, aurrea begirako estrategia eta lan ildo komunak adosteko borondateaz. Hitzordu garrantzitsua da oso, eta funtsezkoa da parte-hartze zabala izatea. Gogoratu jardunaldietara etortzeko izena eman beharra dagoela, eta horretarako epea ekainaren 11n amaituko dela.

Jardunaldiei begira, oinarrizko proposamenak eta gogoetak batzen dituen dokumentu bat prestatu dugu norbere etxean gogoetari ekiteko. Hemen klik eginda eskuratu dezakezue. Ondotxo dakigu nola gabiltzan denok lanez, baina merezi du tartetxo bat hartu irakurtzeko, eta bertan proposatzen danaren inguruko iritzia osatzen hastea.

Jardunaldien ondorioak ahalik eta aberatsenak izateko, komeni da asistentzia ere tamainakoa izatea. Hori dela eta, ahalegina eskatu nahi dizuegu hedabideotako jendeari,  jardunaldien webgunean maxiatu eta izena emateko, batetik, eta dokumentua irakurri eta iritzia lantzen joateko, bestetik. Denok egiten badugu, oso ideia potenteak aterako dira Jardunaldian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude