Soziolinguistika Klusterrak neurketen gaineko saioa eskainiko du Topagunean

Ekaina hitzordu interesgarri batekin iritsiko da Euskara Elkarteen Federaziora. Izan ere, Soziolinguistika klusterrak hizkuntza-erabilera behaketa bidez neurtzeko metodologiaren garapenaren aurkezpena eginen du ekainaren 8an, Topagunearen Andoaingo bulegoan. Saioa doakoa izango da, eta izen emate epea ekainaren 5a arte egonen da zabalik.

80. hamarraldian martxan jarri zirenetik behaketa bidezko ahozko hizkuntza-erabileren neurketek ibilbide aberats eta emankorra egin dute. Alde batetik, herrietako hizkuntza-errealitatearen argazki bezala, ahozko erabileraren kale neurketa ugari egin dira, bai Euskal Herriko neurketaren markoan eta bai udal edo elkarteen ekimenez. Beste alde batetik, kaleetako erabilera neurtzeko sortu zena, beste testuinguruetan baliatzeko egokitu izan da: lantegietarako, ikastetxeetarako eta abar.

Soziolinguistika Klusterrak, metodologia honen garapenerako ildo bat martxan du. Azken urteetan, metodologiaren garapen horretan urratsak eman dira. Orain, urrats horien emaitzak partekatu nahi dituzte. Horretarako egindako bideari errepaso bat eman eta neurketak egiteko dauden irizpide eta baliabide metodologikoak aurkeztuko dira. Aurkezpen horretan euskara elkarteak parte hartzera gonbidatu nahi dituzte.

Ekaineko hitzordua goizeko 10.00etan izanen da, eta ordu bete eta erdiz iraunen du. Soziolinguistika klusterreko kide Asier Basurtok proiektuaren kokapena eginen du. Ondoren, neurketarako jarraitzen diren irizpide-metodologikoak zeintzuk diren errepasatuko dira, besteak beste, diseinu eta laginketa, datu-bilketa eta datuen irakurketa. Azkenik tarte irekia egonen da, arazo edo zalantza metodologikoak elkarrekin argitzeko. Horretarako, Soziolinguistia Klusterrak bakoitzaren esperientzian agertu izan diren zalantza nagusiak saioa baino lehen idatziz bidaltzea eskertuko luke (a.basurto@soziolinguistika.org).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude