Nafarroaren Eguna, esperientzia positiboen eguna

Bigarren urtez jarraian Topaguneak gogotsu erantzun dio Baigorriko Nafarroaren Egunari. Bezperan botatako euri zaparradei planto eginez, Euskara Elkarteen Federazioa bortuz bestaldeko jaian egoteko aukera izan zuen, eta Pirinioen alde bietako euskaltzaleekin batera aberri zaharraren egun handia ospatzeko aukera izan zuen. 

Festa eguerdiko 12.00etan hasi zen. Ordurako Topaguneak txukun-txukun atondu zuen bigarren urtez izan duen ostatua (txosna). Basaizeako lagunek txoko pribilegiatu batean kokatu zuten ostatua, txosna gunean, eta bertatik festaren jarraipen zuzena egiteko aukera izan zuten ostatuan lanean egon ziren lagunek.

Aurretik adostu zen bezala, bi txanda egin ziren: 12.00etatik 16.00etara eta 16.00etatik 20.00etara. Baina azken momentuan txosna gunean zegoen giroak kutsatutarik bi ordu eta erdiz luzatu zen azken txanda, eta 22.30ean itxi zen ostatua.

Esperientzia “primerakoa” izan zela azpimarratu dute txosnan parte hartu zuten elkarteetako lagunek. Hori dela eta, Baigorriraino gerturatu ziren Topaguneko lagunek bizitakoa beste elkarteei bizitzera aholkatzen diete.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude